LABORAL Kutxak Frantziako Tour eta Espainiako Itzuli birtualak babestuko ditu euskararen erabilera sustatzeko
Banku-entitateak bat egin du Internet bidezko txirrindularitzako apustuetan erreferentzia den eta euskal hizkuntzaren normalizazioa helburu duen Tropela.net webgunearekin
- 2005. urtean jarri zuten abian Tropela.net, eta ordutik euskara Sarean sustatzen dihardu, txirrindularitzako lehiaketen bidez. Dagoeneko 10.000 erabiltzaile aktibo baino gehiago ditu
- Kreditu-kooperatibak bizikleta bat eta kirol-materiala eskuratzeko baleak oparituko ditu LABORAL Kutxa Saria sailkapenean parte hartzen dutenen artean
- LABORAL Kutxak Tropela.net webgunearen erabilera bultzatuko du sare sozialen bidez, bat datorrelako webak adierazten dituen balioekin
2014ko uztailaren 1. LABORAL Kutxak eta Tropela Elkarteak hitzarmena adostu dute, eta, hori dela medio, banku-entitateak Frantziako Tourraren eta Espainiako Itzuliaren ‘online’ lehiaketak babestuko ditu. Lankidetza horren bidez, Interneten eta, batez ere, kirol-informazioaren esparruan euskara gehiago erabiltzea lortu nahi dute bi erakundeek.
Ekainaren 21ean jarriko da www.tropela.net webgunean LABORAL Kutxak babestutako lehen lasterketaren sailkapen berezia, Frantziako Tourrarena, hain zuzen, LABORAL Kutxa Saria izenarekin.Parte-hartzea doakoa da eta parte hartu nahi duten guztientzat dago zabalik. Taldeei alta emateko epea uztailaren 5ean, larunbatean, amaituko da.Tropelan taldea aukeratutakoan, LABORAL Kutxaren sailkapen berezian parte hartzeko aukera dago. Partaideentzat hainbat sari eta zozketa izango dira, besteak beste Orbea bizikleta bat, erabiltzaileek hainbat modeloren artean aukeratu ahal izango dutena:errepidekoa, mendikoa edo paseokoa.Sailkapen onena lortzen dutenak saritzeaz gain, kreditu-kooperatibak Forum Sport-eko kirol-materialaren baleak zozkatuko ditu partaideen artean, eta sari bereziak izango dira bezero guztientzat.Joandako astean 2.500 taldek baino gehiagok hartu zuten parte LABORAL Kutxa Sarian.
Tropelari buruz
Tropela Elkartearen xedea euskarak teknologia berrietan duen presentzia sendotzea da, txirrindularitzari buruzko porra-apustuen weba garatuta.2005eko Tourrean sortutako lehen ‘online’ lehiaketatik, lasterketa garrantzitsuenekin lotutako lehiaketak antolatu ditu: Euskal Herriko Itzulia, Italiako Giroa, Frantziako Tourra, Espainiako Itzulia eta Txirrindularitzako Mundiala.Erabiltzaileen kopuruak gora egin du urtetik urtera.Tropelaren zerbitzua eleanitza da,hau da, besteak beste euskaraz, gaztelaniaz, ingelesez eta katalanez eskaintzen ditu zerbitzuak, baina euskarak du lehentasuna eremu eta maila guztietan (bloga, podcastak…)eta Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroako erabiltzaileei zerbitzua euskaraz erabiltzeko deia egiten zaie.
50 urte baino gehiago kirolarekin eta euskararekin konprometituta
LABORAL Kutxak, bere 50 urtetik gorako historian, kirolaren aldeko jarrerarekin eta euskararen sustapenarekin izan duen konpromisoari esker gauzatu da hitzarmena.
Entitateak aurten aurrera eraman dituen ekintza ugarien artean nabarmentzekoa da ETB1en astean behin eskaintzen duten “Tribuaren Berbak” saioa babestea. Euskara eta komunikazioa dira saioaren ardatza, eta euskararen alderdi interesgarri eta ezezagunenak modu bitxian erakustea du helburu.Bestalde, kirolarekiko konpromisoaren erakusgarri dira kirol eta elkartasun jarduerak babestea, horien artean Kosta Trail lasterketa arrakastatsua, Triatlón Aritzaleku triatloia edota Bilbao Night Maratón.