LABORAL Kutxak bere bezeroen eskura jarri du oline burtsaren zerbitzua, mugikorretik akzioak erosteko eta saltzeko
- Horren helburua LABORAL Kutxako bezeroei erosotasuna, erraztasuna eta askatasuna ematea da, edozein leku eta unetan burtsan eragiketak egiteko.
- Entitateak aseguruen atal berri bat sortu du. Horrek mugikorretik garabia eta sarrailagile bat eskatzeko, polizak eta istripuak ikusteko, alta emateko, multak gestionatzeko eta tailerrak eta konpontzaileak aurkitzeko aukera ematen du.
2014ko urriaren 23a. LABORAL Kutxak finantza-merkatua berritu du mugikor bidezko Online Burtsaren zerbitzu berria abian jarrita. Aurrerantzean, bezero guztiek mugikorretik tituluen zorroa ikusi eta nazioko nahiz atzerriko akzioen salerosketa-eragiketak agindu ahal izango dituzte, baita aginduak ikusi eta ezeztatu eta burtsako informazioa eskuratu ere.
Zerbitzu horren helburua bezeroei inbertsio-prozesuetan erosotasuna eta askatasuna eskaintzea da, erabateko segurtasunarekin eta baldintzarik abantailatsuenetan. Gainera, komisio txikiagoak ditu eta aginduak sukurtsal-ordutegitik kanpo eman daitezke.
Burtsan eragiketak egiteko aukera erraza, erosoa eta abantailatsua
Smartphone-en gorakadarekin produktuak eta zerbitzuak eskuratzeko modua aldatzen ari da. Erabiltzailearen portaera berri horren ondorioz, LABORAL Kutxak bere bezeroen eskura jarri du Banka Mugikorretik denbora errealean akzioak saltzeko edo erosteko aukera.
Formatu erraza da. Hainbat atal ditu, hala nola kontsultak, burtsari buruzko informazioa, erosketak, salmentak eta nire agindu guztiak, erabiltzeko “erraza eta azkarra” izan dadin. Gainera, “erabat segurua” da, SSL zifratudun geruza bat erabiltzen duelako eta terminalaren eta zerbitzariaren arteko komunikazioa zifraturiko datuak trukatuz egiten delako.
Burtsan eragiketak egiten hasteko beharrezkoa da balore-kontu bat izatea. Kontu hori izatea erabat doan da. Komisioak erosteagatik, saltzeagatik edo baloreak mantentzeagatik kobratzen dira, ez kontua izateagatik. Entitateko Online Bankaren, Telebankaren edo sukurtsal-sarearen bitartez ireki daiteke kontu hori.
Aseguruen atal berria
Entitatearen asmoa da zerbitzu berritzaile gehiago eskaintzea, bezeroen eskaerei erantzuteko. Horretarako, Banka Mugikorraren aplikazioak aseguruen atal berri bat du. Horri esker, mugikorraren bitartez ordainketak eta transferentziak egiteko eta minutu batean mailegu bat kontratatzeko orain arteko aukerez gain, gailu beretik garabia eta sarrailagile bat eskatzeko, polizak eta istripuak ikusteko, alta emateko, multak gestionatzeko eta tailerrak eta konpontzaileak aurkitzeko aukera ere ematen du.
LABORAL Kutxa finantza-alorreko gaurkotasunarekin
Banka Kooperatiboko zerbitzu berriak finantza-sektorean sortzen ari diren berritasunetara egokitzen dira. Horren adibidea da Banka Mugikorraren zerbitzu integratu berrien eskaintza, erabilera gehiagorekin eta nabigatze intuitiboago batekin, erabiltzailearen esperientzia hobetzen jarraitzeko. Baina batik bat, sarean duen presentzia indartzeko eta bezeroei online zerbitzurik onena eskaintzeko helburua du.