LABORAL KUTXAK 104,3 milioi euroko mozkin izan zuen 2013an
- Kaudimena: % 12,3ko Core Capital ratioa (TIER 1) du, sektoreko handienetako bat, ERA BEREAN, % 12,92KO GUZTIZKO KAUDIMENA DU
- Likidezia: bezero partikularren saldoak % 4,87 handitu eta % 93,3ko likidezia maila lortu du
Finantza-negozioa gestionatzeko egoera konplexu honetan, negozio-bolumenak oro har jaitsi direlarik, interes-tasak minimo historikoetan daudelarik eta berankortasun-mailak goian jarraitzen duelarik, bat egiteko prozesua burutu ondorengo lehen ekitaldi osoa 24.612 milioi euroko aktiboekin itxi du kreditu-kooperatibak. Are gehiago, datuek balantze orekatua erakusten dute, kapitalizazio- eta hornikuntza-maila altuarekin.
Emaitzen Kontuak ere ohiko negozioaren sendotasuna jartzen du agerian eta, horri esker, Entitateak Gestio Planeko aurreikuspenak bete ditu, 104 milioi euroko mozkin kontsolidatu garbiarekin.
Horretaz guztiaz gain, joan den ekitaldian LABORAL KUTXAk burututzat jo zituen finantza-negozioa eta Aseguruen sare komertziala bat egiteko prozesuak. Biak ala biak arrakastaz gauzatu dira, bai pertsonak bat egitean, bai prozesu komertzialetan, bai sistema informatiko eta bezeroekiko operatiban. Guztietan ere kalitate-maila altua eskuratu eta diseinuan aurreikusitako aurreikuspen eta epeak bete ditugu. Gauzak horrela, Entitateko 1.200.000 bezerok baino gehigok “Banka eta Aseguruen” zerbitzu integrala dute aukeran, aseguruen alorreko 200 espezialista baino gehiagorekin eta guztiz integratuta dagoen finantza-plataformarekin. Horrek guztiak agerian jartzen du erakundeak prozesu konplexuei heltzeko duen gaitasun handia.
Beste aldetik, 2013an LABORAL KUTXAk aurrerapauso handiak egin ditu bere modelo estrategikoa ezartzeko prozesuan. Espezializazioan eta Efizientzian oinarrituta, bezero-segmentu nagusientzako zerbitzu- eta balio-mailak areagotzea du helburu. Honako hauek dira segmentuok, zehazki:
- Enpresak, ETE-etan eta Banka Korporatiboan espezializatutako sukurtsalekin.
- ? Banka Pertsonala, gestore espezialista ugarirekin.
- ? Autonomo eta negozio txikientzako zerbitzua.
Segmentu horiei guztiei “Banka eta Aseguruen” osoko zerbitzua eskaintzea da asmoa eta helburua.
Kaudimena
Lehen mailako baliabide propioak arriskuaren arabera haztatutako aktiboekin alderatzen dituen Core Capitalaren (Tier 1) terminoetan, Kreditu Kooperatibak % 12,13ko ratioarekin itxi du ekitaldia. Hala, etorkizunari begira ondare-posizio sendoa finkatu eta Estatuko finantza-sisteman kapitalizazio-maila altuena duten erakundeen artean kokatu da.
Likidezia
Joan den ekitaldian zehar Entitateak likidezia-posizio lasaia indartu eta, hala, emandako kreditu guztien eta bezeroen gordailuen arteko ratioa % 93,3koa da. Kontuan izan behar dugu txikizkako merkatuan diharduten sektoreko erakundeek % 73ko ratioa dutela batez beste.
Efizientzia
Gaur egun sarrerak eta marjinak hain estuak izanik, ratio hori funtsezkoa da finantza-erakundeen gestioan. Gure kasuan, bat egiteko planean diseinatutako aurreikuspenekiko hobekuntza izan da alor horretan ere. Adibidez, administrazio-gastuek Marjina Gordinaren % 46,57 baino ez dute hartzen.
Berankortasuna
Arriskuen gestioa, eta bereziki kreditu-arriskuaren gestioa da Entitatearen indargune handienetako bat, kalifikazio-agentziek balorazioetan adierazi duten bezala. Zentzu horretan, % 9,68ko berankortasun-tasa dugu, sektorearen batez bestekoaren oso azpitik. Izan ere, azaroan % 13,76ko ratioa zuen sektoreak batez beste.
Hornikuntzak
Kreditu Kooperatibak zuhurtzia-politikari eutsi eta aipaturiko mozkinak eskuratu ditu 140,4 milioi euroko hornikuntza eta saneamenduak egin ondoren. Horri guztiari esker, dagoeneko nabarmenak diren estaldura-mailak hobetu ahal izan ditugu.
Entitateak, gainera, arauz onartutako hornikuntza generiko gorena du, 167 milioi eurotik gorakoa. Hornikuntza generikoaren maila hori apartekotzat jo daiteke sektorean, eta sor litezkeen berankortasun-hazkundeei aurre egin ahal izateko moduko posizioa indartu dugu.
Kreditu-inbertsioa
Bezeroei emandako kreditua 16.743 milioi eurokoa izan da, eta % 4,11 egin du behera. Bezero partikularrek eta enpresek finantzaketa-eskari txikiagoa egin izanaren ondorioa da saldoen gutxitze hori. Horrenbestez, hipoteka-bermea duten etxeentzako kredituaren saldoak 10.675 milioi eurokoak dira eta % 3,40ko beherakada izan dute. Beherakada hori, ordea, sektorean izandakoaren oso azpitik dago. Izan ere, 350 milioitik gorako hipoteka berriak egin ondoren, Entitateak EAEko eta Nafarroako hipoteka-merkatuan duen formalizazio-kuota handitzea lortu eta merkatu horretako % 20 eskuratu du.
Aurrezkia
Baliabide bitartekotuen bolumen osoa (partikularren, enpresa eta instituzioen saldoak bilduta) 17.159 milioi eurokoa da, urtean % 3,78 gora egin ondoren. Bezero partikularren saldoei dagokienez, hau da, Entitatearen negozioaren oinarri nagusiari dagokionez, hazkundea are handiagoa izan da. Zehazki, % 4,78 hazi eta 14.428 milioi euro eskuratu dira. Balantze horretan bereziki nabarmentzekoak dira Max eta Ongizate Aurrezki kontuak, eskuragarritasuna duen aurrezkiaren gestioari bideratutakoak. Biek ala biek % 19 handitu dituzte saldoak, 3.143 milioi euroraino.
Balantzetik kanpoko bitartekaritzari erreparatuta, Inbertsio Fondoetako saldoak 1.373 milioi eurokoak dira guztira. Hazkunde handia izan da alor horretan, % 27tik gorakoa. Antzeko zerbait gertatu da erretirorako aurrezki-figuren kasuan: BGAEak eta Pentsio Planak % 8 hazi dira, 1.627 milioi euroko bolumenarekin. Hazkunde horiek, hein handi batean, Entitateak abian duen espezializazio-proiektu handienetako bat ezartzearen ondorio izan dira. Hau da, Banka Pertsonala zabaltzearen ondorio. Gaur egun 200 gestoretik gorako sarea du eta, aholkularitza-dinamikak tarteko, sare komertzial osoa hartzen du.
Emaitza kontua
Ekitaldiko emaitzetan interes-tasa txikiak nabarmendu dira. Horrek esan nahi du ohiko banku-negozioko marjinetan izugarrizko presioa dagoela. Halere, Laboral Kutxak errentagarritasun-maila egokiari eutsi dio eta 396 milioi euroko interes-marjina eskuratu du. Horri komisioek, dibidenduek eta beste finantza-eragiketa batzuek ekarritako sarrerak gehitu behar zaizkio, eta horiek guztiak bilduta, 528,4 milioiko marjina gordina lortu dugu.
Gastuari eusteko ahaleginari eta efizientzia etengabe hobetzeko gestioari esker, administrazio-gastuak 246,1 milioi eurokoak izan dira, gestio-planean aurreikusitakoarekin bat.
Ildo beretik, Entitateak hornikuntzetan zuhurtasunez jokatzeko politikari eutsi dio; hartara, guztira 140,4 milioi euro erabili ditu hornikuntzak eta saneamenduak egiteko eta narriadurak xurgatzeko. Horri gehitu behar diogu Kreditu Kooperatibak arauz ezarritako Estaldura Generikorako Fondo gorena duela, 167 milioi eurokoa.
Hornikuntzetarako eta saneamendurako zuzkidurak egin ondoren, zerga aurreko emaitza kontsolidatua 120,9 milioitik gorakoa da.
Beraz, kreditu-kooperatibak bat egin ondorengo ekitaldian eskuratutako emaitzek aurreikuspenak berretsi eta negozio errepikari sendoa eta gastu-kontrol zorrotza duen kreditu-erakunde baten errealitatea azaleratzen da. Horri esker, efizientziak lehiakortasun handia eta mozkin-maila nabarmena erakusten du, hornikuntza-maila altua egin ondoren ere.
Ratinga
Joan den ekitaldian LABORAL KUTXAk rating-agentzia nagusien azterketak izan ditu. Moody’s Agentziak ratinga berretsi eta Fitch Ibcak hobetu egin zuen Entitatearen aurreikuspena. Bereziki kaudimen eta likidezia mailak azpimarratu ditu, baita aktiboen kalitate handia ere, egungo ingurune ekonomikoa kontuan hartuta. Era berean, hori guztia Entitatearen gestio egokiaren ondorioa dela adierazi du. Halaber, Fitch-ek Entitatearen arrisku-estaldura sendoak eta horiei jarraipena egiteko prozedurak nabarmentzeaz gain, arrisku arazotsuen hornikuntza maila egokia dela adierazi du.
Aseguruen negozioa
Seguros Lagun Aro SA eta Seguros Lagun Aro Vida SA konpainien % 100 eskuratu ondoren, 2013ko urtarrilean kreditu-kooperatibak finantza- eta aseguru-negozioak bat egiteko prozesuari heldu zion, 1,2 milioi bezerori baino gehiagori zerbitzu globala eskaintzeko asmoz. Gauzak horrela, 364 sukurtsaletako sarean aseguru-espezialisten zerbitzua eskaintzen du, finantza-sektoreko jardueratik guztiz bereizita, banku-gestoreek polizak saltzeko estrategian oinarrituta. Gauzak horrela, profesionaltasuna, bezeroen beharrizanei egokitzea eta zerbitzuaren kalitatea ere badira zerbitzu integral horren nortasun-ezaugarriak, finantza-esparruaz gain aseguruen esparrua ere bilduta.
Aseguruen sare komertziala bat egin ondorengo lehen ekitaldi honetan bertan ere hobekuntzak izan ditugu aseguru-negozioaren errentagarritasunean. Hala, negozio horrek dagoeneko 27,5 milioi euroko emaitza globalak eman dizkio Laboral Kutxa Taldeari. Hainbat elementu daude emaitza horren atzean: produkzio berriaren bilakaera ona, aseguru-zorroan bezeroei eusteko gaitasun handiagoa, eta ezbehar-tasa bikaina. Elementu horiek guztiek agerian jartzen dute zorro horren kalitate bikaina. Ildo beretik, efizientziaren gestioan egindako hobekuntzen emaitzak ere agerian jarri dira, eta ildo horretan jarraituko dugu datozen ekitaldietan ere.
Enpresen Banka
Dagoeneko, EAEko bi enpresatik bat Laboral Kutxaren bezeroak dira. Hain zuzen, segmentu horren espezializazioa hobetzea da Entitatearen eredu estrategikoaren ardatz nagusietako bat. Horretarako, enpresen 12 sukurtsaleko eta Banka Korporatiboko 3 zentroko sarea zabaldua du dagoeneko.
Nazioarteko aliantzen politikari eutsiz, kreditu-kooperatibak nazioarteko aliantza-sarea osatu du ETE-en nazioartekotze-prozesuei laguntzeko. Hala, joan den ekitaldian hainbat hitzarmen sinatu ditugu Estatu Batuetako, Kanadako, Erdialdeko eta Ekialdeko Europako eta Errusiako finantza-erakundeekin.
Nekazaritzako elikagaien sektorearekiko konpromisoa
Joan den ekitaldian, Laboral Kutxak ingurumenarekiko, biodibertsitatearekiko eta garapen iraunkorrarekiko inplikazioa indartzen jarraitu du. Ildo horretan, hainbat hitzarmen sinatu ditu nekazaritzako elikagaien sektoreko eragile nagusiekin, eta landa-inguruari lotutako hainbat ekimen ere bultzatu ditu.
Besteak beste, nabarmentzekoak dira Lorra Gestio Zentroarekin 4.000 ekoizleri baino gehiagori finantza-estaldura integrala eskaintzeko sinatutako hitzarmena; Eusko Jaurlaritzarekin eta Euskadiko Nekazari-elikagaien Kooperatiben Federazioarekin batera, enpresak sortzeko Hazilur fondoan duen partaidetza; eta, nazioarteko eremuan, bereziki azpimarratu behar da Laboral Kutxak Munduko Landaguneko kide aktibo gisa duen eginkizuna. Hain zuzen, Munduko Landagunearen lorpentzat jo behar da Nazio Batuek 2014. urtea “Familia Nekazaritzaren Nazioarteko Urtea” izendatu izana.
Gaztenpresa Fundazioa:
Gaztempresa Laboral Kutxaren gizarte-proiektua da, enpresak autoenplegu-erregimenean sortzen laguntzeko helburua duena. Esperientzia hori duela 20 urte baino gehiago hasi zen eta Eusko Jaurlaritzaren Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailaren laguntza du. Gaur egungo krisi egoeran, ordea, benetako garrantzia du, ekintzaileentzako finantzaketaren, aholkularitzaren eta proiektuak sendotzen laguntzeko hasierako tutoretzaren bidez, oso ondorio positiboak dituelako EAEko eta Nafarroako ehun ekonomikoa eta soziala suspertzeko. Halatan, bada, azken bost urteetan Gaztenpresak 2.100 lanpostu ekarri dituzten 1.255 enpresa sortzen lagundu du.
Arrasate, 2014eko otsailaren 19a
EMAITZA KONTU KONTSOLDIATUA
BESTE MAGNITUDE BATZUK
RATINGA: LABORAL KUTXA ETA SEKTOREKO ERAKUNDE NAGUSIAK