Giordano Dell´Amore fundazioak Aipamen Berezia emango dio Gaztenpresari “Europako mikrofinantzen alorreko jardunbide egokiak” saritzeko

2014ko ekainaren 17a.Datorren ekainaren 19an, Gaztenpresa fundazioak Aipamen Berezia jasoko du Giordano Dell’Amore (FGDA) fundazio italiarrak Europako mikrofinantzen alorreko jokabide egokienak aitortzeko banatuko dituen sarietan. Euskal Herriko ekintzaileei laguntzeko programa da sariaren arrazoia.Ekitaldia Lisboan egingo da, Mikrofinantzen Europako Sareak egingo duen 11. Urteko Biltzarraren barruan.

“Enplegua, erronkak eta aukerak mikrofinantzentzat” da urteko biltzarraren gai nagusia, eta mikrokredituen egungo egoerari buruzko eztabaida sustatzea du helburu.Ekintzaileentzako laguntzak eta negozio berrien finantzaketa dira enpresaburu berriek aurrean dituzten oztopo handienetakoak.

Ideiak eta esperientziak partekatzeko gunea izatea da ekitaldiaren asmoa.Sarearen antolatzaileak, EBko erakundeetako ordezkariak, inbertitzaileak eta Europa osoko eta haratagoko mikrofinantzetako profesionalak gonbidatuta daude mikrofinantzetako jardunbide egokienak partekatzera, elkartrukatzera eta eztabaidatzera.Biltzarrean elkartruke sakonak eta interaktiboak lortu nahi dira, osoko saioen, tailerren, mahai-inguruen eta elkarrizketen bidez.

LABORAL Kutxaren ekimena

Enplegua sustatzea eta enpresen sorrera laguntzea da Gaztenpresaren helburua, eta horretarako, enpresak abian jartzeko ekimen indibiduala eta kolektiboa bultzatzen ditu.Osoko aholkularitza, mikrokredituak eta autoenplegurako finantzaketa eskaintzen ditu, aholkuez gain.2013an, 458 lanpostu sortu dituzten 265 enpresa abian jartzen lagundu zuen.

Exit mobile version