Euskal familietan baikortasun handiagoa dago eta susperraldiaz fidatzen hasi dira
2015ko martxoaren 18a.
Zer iritzi dute euskal familiek datozen hamabi hilabeteetako bilakaera sozioekonomiko orokorrari buruz?
Euskal familiek bilakaera sozioekonomikoaren pertzepzio hobearekin ekin diote 2015. urteari: erabat negatiboa (–19koa) zena hobetu egin da zertxobait (–9ra).
Azken urtean jasotako erregistrorik onena da, eta estatuko eta EB-28ko balioetara gerturatzen hasi da, –2koa eta –5ekoa baitira, hurrenez hurren.
Zerk ekarri du konfiantzak hobera egitea, nahiz eta ezkortasun-atalasean jarraitu?
Ekonomia orokorraren eta langabeziaren bilakaeraz euskal familiek duten pertzepzioak hobera egin du, 2014ko laugarren hiruhilekoan jasotakoaren aldean; dena den, bi kopuruok negatiboak (–11koa eta –3koa) izaten jarraitzen dute.
Pertzepzio hori dela eta, etxeko egoera ekonomikoari buruzko igurikimenak baldintzatuta daude, eta, hobera egin badute ere, ezkorrak (–9koak) izaten jarraitzen dute. Bestalde, aurrezki-gaitasunari buruzko igurikimenak hobetu egin dira apur bat, baina horiek ere negatiboak (–11koak) dira oraindik.
Horrela, bada, 2015eko lehen hiruhilekoan, euskal familien konfiantzak ezkorra izaten jarraitzen du, osatzen duten lau indizeetan; alabaina, 2014koa baino positiboagoa da.
Nola eragiten du familien konfiantzak gastu- eta inbertsio-erabakietan?
Euskal familietan nolabaiteko susperraldia nabaritu da prezioen hazkunde-erritmoan, urtebete osoan beheranzko inflazioaren igurikimenak nagusitu ostean.
Gainera, haien ustetan, oraindik ere ez da une egokia etxerako ondasunak eta zerbitzuak erosteko. Halere, gastu horren gaineko igurikimenek okerrera egiteari utzi diotenez, goraka has daitezke.
Hori bai, etxebizitza-eskaria ahula izan da eta oraindik ere bada (familien % 2k baino ez dute erosteko aukera aztertzen) eta sendotasun eskasa du autoa erosteko asmoarekin alderatuta, % 5ekoa baita (% 3,4koa segurua eta % 1,3koa probablea).
Laburbilduz, jarduera ekonomikoaren eta enpleguaren bizitasun handiagoarekin bat etorriz, 2015eko lehen hiruhilekoak hobekuntza ekarri du euskal familietako igurikimenetara. Hala ere, balantzea zuhurra da, eta hala izan behar du: familietan posizio hobea berresteko, aurrezteko gaitasunaren eta kontsumo- eta inbertsio-asmoaren —etxebizitza, autoa…— susperraldiak argiagoa izan behar du.