Euskadiko Kutxaren zerga ondorengo irabaziak 78,2 milioi €-koak izan dira 2008ko lehen seihilekoan
Euskadiko Kutxaren zerga ondorengo emaitza 78,2 milioi eurokoa izan da 2008ko lehen seihilekoan, aurreko urtekoa baino % 15,5 txikiagoa.
Enpresa inmobiliario batzuen kaudimengabezia-arazoei aurre egiteko diru-horniduraren ohiz kanpoko igoeraren ondorioa da jaitsiera hori. Edonola ere, sektore horrek Euskadiko Kutxan duen eragina txikia da.
Negozioaren Datuak
Jarduera ekonomikoarekiko mesfidantza-giroa areagotzen lagundu dute finantza-merkatuetako tentsioek, eta horrek bankuen jardueraren dezelerazio orokorra ekarri du. Halere, Euskadiko Kutxaren negozioak bilakaera ona izan du, urte arteko hazkundea % 16koa izan baita, hau da, 4.500 M €-tik gorakoa.
Partikularren Negozioari dagokionez, etxeak erosteko hipoteken formalizazioak -nahiz eta merkatuaren eskaera nabarmen murriztu den-Euskadiko Kutxaren kreditu-jardueraren hazkundearen eragile izaten jarraitzen du. Azken horren saldoa % 11,6 hazi da.
Enpresen negozioa % 12 hazi da, nahiz eta merkatuak dezelerazio-seinale argiak eman dituen, batik bat eraikuntzaren sektorean eta horri lotutako jardueretan.
Aurrezkiei dagokienez, inbertsio-fondoak erakartzen saiatu beharrean, balantze-baliabideak erakartzera zuzendu dugu bereziki merkataritza-ahalegina. Testuinguru horretan, Euskadiko Kutxak bitartekotutako sektore pribatuko saldoen guztizkoa % 6,1 hazi da aurreko urteko hilabete berarekiko, eta ekainaren amaieran horren zenbatekoa 13.984,6 milioi eurokoa zen. Aurrezkien hazkundeak bi oinarri izan ditu funtsean: batetik, eperako aurrezki modalitateak -horien saldoa % 30 hazi da-, eta bestetik, MAX kontua, komisiorik gabeko saldo erabilgarria eta errentagarritasun handia eskaintzen dituen aurrezki-kontua.
Emaitzen Kontua
Jardueraren dezelerazioa nagusi den honetan, ohiko negozioaren marjina % 2,4 hazi da aurreko urteko aldi berekoarekiko. Horri guztiari dibidenduak eta finantza-eragiketen emaitzak gehitzen badizkiogu -ekitaldi honetan nabarmen handitu dira-, marjina arrunta 218,8 milioi eurokoa da, aurreko urtekoa baino % 7,2 handiagoa.
Higiezinen sektoreak bizi duen egokitze-prozesu sakonak Euskadiko Kutxan ere eragina izan du, bereziki hiruhileko honetan. 38,4 milioi euroko diru-hornidura behar izan dugu horri erantzuteko, aurreko urtean baino askoz gehiago. Hori dela eta, azpimarratu behar dugu higiezinen sektorean Euskadiko Kutxak esposizio mugatua duela, eta posizio indartsua duela egoera ekonomiko berriari aurre egiteko. Zalantzazko aktiboak hazi eta kreditu-jardueraren hazkundea murriztu direlako, berankortasuna hazi egin da, urtean portzentajezko 0,72 puntu, eta % 1,65era heldu da.
Edonola ere, entitateak metaturiko diru-horniduraren kopurua zalantzazko kredituen % 108 da.
Bestalde, eraginkortasun-ratioa (hau da, marjina arruntaren administrazio-gastuen portzentajea) % 39,78koa da, sektoreko gainerakoekin alderatuz oso ona.
Ekaina ixtean, Euskadiko Kutxaren sareak 394 sukurtsal zituen. Hasierako sei hilabeteetan 5 sukurtsal ireki ditugu, hedatze-proiektuari jarraiki. Hortaz, 2008ko ekainean, 138 sukurtsal ziren eremu tradizionaletik kanpokoak, Sareko sukurtsal guztien % 35.
Azkenik, Euskadiko Kutxak Estatuan bigarren lekua lortu du STIGAren txostenean. Hori Europako auditoria-zerbitzu independente bat da, finantza-sektoreko 100 entitate baino gehiagoren arretaren kalitatea baloratu duena, 5.500 sukurtsal baino gehiago sakon aztertuz.