EUSKADIKO KUTXAKO ETA IPAR KUTXAKO BATZARREK BAT EGITEKO PROPOSAMENA ONARTU DUTE
Euskadiko Kutxako eta Ipar Kutxako Batzar Nagusiak gaur egin dira Vitoria-Gasteizen eta Bilbon, hurrenez hurren. Bi Batzarrek Kontseilu Errektoreen proposamena onartu dute: bi Entitateek bat egitea eta kreditu-kooperatiba bateratua sortzea. Funtsezko aurrerapausoa izango da, hasieratik erabateko bateratasun-giroa ezaugarri izan duen prozesuan urratsak ematen jarraitzeko.
Martxoaren 20an, elkarrizketa formalei ekin zitzaiela jakinarazi genuen, eta, ordutik, bat egiteko egutegia zorrotz bete da, aurreikuspenekin bat. Bi Entitateetako Kontseilu Errektoreek bere garaian hartutako erabaki nagusiak berretsi dituzte gaurko Batzarrek. Izan ere, erabaki horiek bat egiteko prozesua koordinatzeko sortu ziren lan-mahaien bidez gauzatu dira. Erabakirik azpimarragarrienak honako hauek dira:
Entitate bateratuak jatorrizko bi Entitateetako bazkide mota guztiak hartuko ditu barne: Euskadiko Kutxako egungo bazkideak eta Estatutuetan kooperatiba-loturaren inguruan xedatutako baldintzak betetzen dituzten bezero-bazkideak eta pertsona fisiko zein juridikoak. Ipar Kutxako egungo bazkideek baldintza horiek betetzen dituzte.
Egoitza Soziala Arrasaten egongo da. Ipar Kutxaren Bilboko egungo egoitza Txikizkako Bankuko Merkataritza Sarearen eta bere Negozio Batzordearen azpiegoitza operatiboa izango da. Dagokien Lurralde Zuzendaritza eta Negozio Batzordea ere bertan egongo dira. Era berean, Lagun Aro Aseguru Etxearen, Zorroen Sozietatearen eta Kudeatzaileen egungo egoitzek Bilbon jarraituko dute.
Aldi batez, Kontseilu Errektoreak 15 kide izango ditu: 12 Euskadiko Kutxakoak eta 3 Ipar Kutxakoak. Bestalde, Euskadiko Kutxako egungo lehendakaria, Txomin García, Entitateko lehendakari izendatzea erabaki dute.
Bat egin ondoren, bi Entitateetako lan-bazkideen eta/edo langileen laneko eskubide eta betebeharrei bere horretan eutsiko zaie. Ipar Kutxako langileei, plantillako ordezkariekin adostutako erabakiaren ondorioz, lan-bazkide bihurtzeko aukera eskainiko zaie, eta Euskadiko Kutxako egungo bazkideek baldintza berberak izango dituzte. Azken finean, pertsona guztiek eskubide eta betebehar berberak izatea da kontua, kooperatiba-entitateen funtsezko oinarria baita. Era berean, nahitaezkoa da kooperatiba-printzipioak iraunaraztea: besteak beste, atxikipen-askatasuna, antolamendu demokratikoa, lan-subiranotasuna, gestio-partaidetza, ordainsarien elkartasuna eta elkar lankidetza. Ipar Kutxari dagokionez, inoren konturako langile izaten jarraitu nahi dutenei aukera hori bermatuko zaie.
Bi entitateen gestioari lotutako parametro nagusiak sektoreko bikainenetakoak dira, kaudimenean, likidezian eta berandutze-tasan. Horien guztien bidez, gure proiektua, lurralde-sustraiak eta gizarte-konpromisoa ezaugarri dituena, sustatzea dugu helburu.
Kooperatiba bateratuak 25 mila milioi eurotik gorako aktiboak kudeatuko ditu guztira. Euskal Herriko bigarren finantza-entitatea eta Estatuko bigarren kreditu-kooperatiba izango da. Bestalde, Bizkaian eta Araban bere posizioa nabarmen indartuko da. Bi Entitateek bat eginik abiaraziko duten proiektuari esker, merkatu-kuota garrantzitsuak lortuko dira EAEn eta Nafarroan. Kooperatiba berriak 750.000 bezero izango ditu EAEn, eta 110.000 baina gehiago Nafarroan. Euskadiko Kutxako sukurtsalak dituzten gainerako autonomia-erkidegoak ere kontuan hartuta, 1.300.000 bezero izango ditu guztira.
Bat egiteko proiektuaren negozio-plana zuhurtasun-irizpideari jarraiki diseinatu da, eta bertan islatutako aurreikuspenak banku-sektorearen egungo testuinguru negatiboan oinarritu dira. Testuinguru horretan, kopuruen balio absolutuak gorabehera, Entitatearen indarra izango da alderdirik garrantzitsuena. Kooperatibak kaudimen-betebehar guztiak beteko ditu, aurtengo ekitaldian zehar 2/2012 EDak eta 18/2012 EDak xedatutako zuzkidura guztiak gauzatu ondoren. Gainera, enpresa eta partikularren zorroko zuzkidurak handitu egingo dira, eta estaldura orokorretarako fondoa bikaina izango da.
Bestalde, efizientzia % 50 baino txikiagoa izango da, administrazio-gastuetan, plantilla dinamizatzeko planei eta sukurtsal-sarearen berrantolaketari aurre egin ondoren, aliantzak sorrarazitako sinergien onurak islatuko direlako.
Marka komertzialari dagokionez, Euskadiko Kutxaren eta Ipar Kutxaren egungoen batuketaren emaitza izango da, bien balioa eta kokapena uztartuz.
Aliantzari esker, toki-entitate gisa dagokion kokapen estrategikoa hobetzeaz gain, gizarte-ekonomiako finantza-entitatea sortzeko proiektua indartu egingo da. Horrela, kasuan kasuko merkatuetan finantza- eta aseguru-zerbitzuak eskainiko ditugu, baina beste modu batean jardunez, hau da, finantza-sisteman egun nagusitu den bankarizazio-prozesuaren ereduari jarraitu gabe.
Gure ereduaren arabera, bezeroarengandik hurbil gaudela, egungo finantza-testuinguru berrian funtsezkoak izatea lortu behar dugu, bestelako ikuspegi baten bidez ekonomia- eta gizarte-garapena sustatzen laguntzeko. Azkenik, kooperatiba-proiektuak industria-sektorearen eta nekazaritzako elikagaien arloaren inplikazioari bere horretan eutsiko dio, jatorrizko bi entitateen ezagutzez baliatuta.
Hurrengo hilabeteetan, bat egiteko proiektua bideratzeko sortu diren mahaiek lanean jarraituko dute, prozesuari aurtengo ekitaldian bukaera eman ahal izateko.