Euskadiko Kutxak 185 milioi euroko zerga osteko emaitzak erdietsi ditu 2007an, % 19,7ko hazkundea

Euskadiko Kutxaren zerga aurreko emaitzak 208,9 milioi eurokoak izan dira 2007ko ekitaldian, iazkoak baino % 18,7 handiagoak.

Negozioaren datuak

Emandako kredituen zenbatekoa 14.982 milioi eurokoa izan da, iaz baino % 16 handiagoa. Azken urteetan etxeko ekonomien hipoteka-maileguek eskari handia izan badute ere, 2007an hipoteka-maileguak % 16 hazi dira, hau da, hazkunde apala izan dute. Aipatzekoa da Hedapen Sarearen bilakaera, esandako hazkundeari % 37ko ekarpena egin baitio. Gainerako hazkundearen oinarri kreditu pertsonalak dira, % 6ko hazkundearekin, eta baita enpresei emandako kredituak, maileguak, leasinga eta merkataritza-kredituak ere, % 15eko urte arteko hazkundearekin

Abendua ixtean, berankortasun-ratioa  % 0,93koa da bezeroei emandako kredituetan, eta bat dator sektorekoarekin.

Txikizkako aurrezki-erakarpenari dagokionez, Euskadiko Kutxa bitartekari duen sektore pribatuko saldoen guztizkoak gora egin du, % 9,1 hain zuzen, iazko hil bereko zenbatekoarekin alderatuz gero. 2007ko abendua ixtean zenbateko hori 13.459 milioi eurokoa zen. Hazkunde hori balantze barruko figuretan oinarritu da, batik bat Eperako Aurrezkiaren zenbait modalitateetan, horien saldoak % 36 hazi baitira. Bestalde, balantzetik kanpoko figuretan kudeaturiko ondarea 3.000 milioi eurokoa da: pentsio, aurreikuspen eta erretiro planetan izandako % 9,4ko hazkundea azpimarratu behar da.

Enpresen aurrezki-erakarpena ere azpimarragarria da, batez ere Internet bidezko kontuan, CLNet enpresak figuran. Horren saldoak 177 milioi eurokoak dira dagoeneko, eta horietatik 65 milioi euro 2007an lortu dira.

Balantzean kudeaturiko bezeroen baliabideak, erakundearen jarduera barne hartuta, % 13 hazi dira, eta 15.894 milioi euroko saldoa eman dute.

Euskadiko Kutxak kudeaturiko negozioaren bolumena 30.877 milioi eurokoa izan da, eta hazkundea 3.844 milioi eurokoa, % 14,2 handiagoa.

Emaitzen kontua

Negozio tipokoaren marjina 393,9 milioi eurokoa da abendua ixtean, eta urte arteko hazkundea % 23,1ekoa. Dibidenduen kobrantza eta finantza-eragiketen emaitzak, ekitaldi honetan nahikoa murriztu direnak, kontuan hartuta, marjina arrunta 422,6 milioi eurokoa da, aurreko urtekoa baino % 12,3 handiagoa.

Administrazio-gastuen kudeaketa zorrotzari esker, % 8,2ko hazkundea lortu da, eta ehuneko hori jardueraren hazkundearena baino askoz ere txikiagoa da. Datu horri beste bat gehitu behar diogu: estaldura orokorren beharrak iaz baino txikiagoak direla. Ondorioz, zergak ordaindu aurreko emaitzak 208,9 milioi eurokoak dira, iazko ekitaldikoak baino % 18,7 handiagoak.

Efizientzia-ratioa, hau da, administrazio-gastuek marjina arruntetik hartzen duten portzentajea, % 38,14koa da, oso ona sektorearekin alderatzen badugu, eta portzentajezko 1,43 puntuko hobekuntza izan du, iazko abenduan izandakoaren aldean.

2007ko ekitaldiaren bukaeran, Euskadiko Kutxaren sareak 389 sukurtsal ditu. 2007an 17 sukurtsal ireki ditugu, horietatik 14 hedapen-esparruan, batik bat, Asturiasen eta Madrilen. Horrela, 2007a ixtean, 134 sukurtsal ditugu Euskal Herriko saretik kanpo, sare osoan daudenen % 34.

Exit mobile version