Menu

Laboral Kutxa Prentsa aretoa

Prentsa oharrak

EAEko familien konfiantza sendotu egin da

  • EAEko familien konfiantzak suspertzen jarraitzen du hirugarren hiruhilekoan. 3 puntuko igoera erregistratu ondoren, 5 puntuko baikortasuna erakusten du

  • Konfiantza-indizean eragina dute langabeziaren bilakaerarekin lotutako igurikimen positiboek (11), ekonomia orokorrarekin lotutakoek (6) eta aurrezkiarenak (5). Emaitza hauek konpentsatu egiten dute familiaren ekonomiarekin lotutako mesfidantza (-4)

 

 

2021eko irailaren 28a.–2021eko hirugarren hiruhilekoan, EAEko familiek sendotu egin dute bigarren hiruhilekoan erregistratutako konfiantzaren susperraldia, pandemiak eragin zuen hondamenaren ondoren, bere konfiantza 2008ko krisiaren mailara jaitsi baitzen.

Zein iritzi dute EAEko familiek datozen hamabi hilabeteetan egongo den bilakaera sozioekonomiko orokorraren inguruan?

  • EAEko familiak baikorrak dira (5), Estatuko (-9), EB-27ko (-6), Alemaniako (-3) eta Frantziako (-6) familien ezkortasunaren aurrean. Kontsumitzaileen konfiantza neurri handiagoan edo txikiagoan hobetzen da gizarte bakoitzean pandemiak izan duen eraginaren eta abiapuntuko egoeraren (pandemia aurrekoa) arabera.

Nola eraiki daiteke EAEko familien konfiantza eta haren bilakaera?

  • EAEko familien igurikimenak hobetu egin dira ekonomia orokorraren eta enpleguaren bilakaerari dagokienez, bi adierazle horiek balio positiboetan kokatuz (6 eta 11, hurrenez hurren).
  • Halaber, EAEko familien aurrezteko gaitasunaren gaineko igurikimenak positiboak dira (5), aldiz, familiako ekonomiaren igurikimenek negatiboak izaten jarraitzen dute (-4).
  • Ekonomia orokorraren eta langabeziaren igurikimenak familiako ekonomiaren eta aurrezteko gaitasunaren gainetik hobetu dira. EAEko familiek inguruneko egoeraren susperraldi handiagoa iragartzen dute beren etxeetan emango dena baino, azken horri dagokionez, zuhurtzia handiagoz jokatuz.
  • Datuek susperraldiaren hobekuntza adierazten dute: bigarren hiruhilekoan EAEko BPGa % 2,2 hazi zen (hiruhileko arteko tasa, Eustat) eta Gizarte Segurantzako afiliazioa eta erregistratutako langabezia (961.910 eta 121.610 pertsona, hileko batez bestekoa maiatzetik abuztura) pandemia aurreko balioetara itzultzen ari da (971.562 eta 117.444 pertsona, 2020ko urtarriletik otsailera bitarteko batez bestekoa).

Nola eragiten du konfiantzak familiaren gastuan eta inbertsioan?

  • Nahiz eta konfiantza berreskuratu, EAEko familiek erosketa handiak egiteko unearen balorazioak okerrera egin du (-16), baliteke prezioen bilakaerari buruzko igurikimen baxuagoen ondorioz (-44).
  • Paradoxikoki, EAEko familiek erosketa handiak egiteko igurikimenak mantentzen dituzte (2), eta etxebizitza-inbertsiorako eta ibilgailuen erosketarako asmoak (% 1,1 eta % 6,4) pixkanaka hobetzen doaz.
  • 2021eko emaitzek EAEko familien kontsumoaren susperraldia berresten dute, bigarren hiruhilekoan % 7,1 hazi zen lehenengo hiruhilekoarekin alderatuta (Eustat). Bestalde, EAEko etxebizitzen salerosketak (urtarrila-ekaina metatua) gora egin du 2020arekin alderatuta (+% 23,3), baina ez da 2019ko mailetara iristen (-% 5,6). Ibilgailu berrien matrikulazioa (urtarra-abuztua metatua), berriz, ez da berreskuratu (-% 11,1 eta -%38,2, 2020 eta 2019rekin alderatuta).

Laburbilduz: pandemiaren eragina gutxitzeak eta enplegua eta jarduera ekonomikoa pixkana suspertzeak EAEko familien konfiantza gora egitea ekarri du, kontsumoaren eta inbertsioari lotutako alderdi batzuen (etxebizitza) dinamikotasuna bultzatuz. EAEko familiek baikortasun handiagoz heltzen diote udazkenari, baina nolabaiteko kezkarekin prezioen bilakaerari dagokionez. Ziurgabetasun-faktore hori, etxeko kontuei zuzenean eragiten diena, aurrezteko, gasturako eta inbertsiorako erabakiak baldintzatuko ditu.