EAEko etxeetako konfiantza-indizeak ezkor jarraitzen du
2014ko hirugarren hiruhilekoan, EAEko etxeetako konfiantza-indizeak aurreko hiruhilekoko balio berari (–17ari) eutsi dio.
Urtebeterako bilakaera sozioekonomiko horretan, etorkizuneko egoera oraingoa baino okerragoa izango dela uste dutenen kopurua handia da oraindik.
Esan dezakegu, halaber, EAEko etxeetan estatukoetan (–7) eta EB-28koetan (–6) baino ezkorragoak garela.Halere, aurreko hiruhilekoarekin alderatuta, indizeak ez du inolako gorabeherarik izan.Horrek esan nahi du, datozen 12 hilabeteetako bilakaera sozioekonomikoari buruzko ikuspena ez dela batere aldatu, azken hiru hiletan.
Zergatik ezkortasun hori?
EAEko etxeetan ekonomia orokorraren bilakaerari buruz duten iritzia (–20koa) eta langabeziaren alorrekoa (–19koa) dira ezkortasun horren arrazoiak. Halarik ere, negatiboak izan arren ere, ia ez dira aldatu aurreko hiruhilekoekin —hurrenez hurren, –19koa eta –17koa— alderatuta.
Etxeko egoera ekonomikoari buruzko igurikimenak (–15ekoak) ere baldintzatzen ditu pertzepzio horrek, aurreko hiruhilekokoekin (–13koekin) alderatuta ezkorragoak izan baitira hirugarren hiruhileko honetakoak.
Etxeetako aurrezki-gaitasunari buruzko igurikimenak hobetu egin dira apur bat (–18tik –15era).Dena den, etxe asko eta askotan (% 39tan), epe laburrera ezingo dutela aurreztu ziurtatzen dute.
Nola eragiten du horrek gastu- eta inbertsio-erabakietan?
Batetik, EAEko etxeetan hobera egin dute inflazioaren bilakaerari buruzko igurikimenak: prezioak motelago haziko direla uste dutenak (% 33) eta antzerako erritmoan haziko direla uste dutenak (% 44) dira nagusi.
Baina, bestetik, etxeetako kontsumo-igurikimenek okerrera egin dute, erdiek (% 50ek) esaten baitute erosketa eta gastu handiak murriztu egingo dituztela eta % 46k ez dituztela aldatuko.Gorakadaren bat aurreikusi duten etxeen kopurua % 4ra txikitu da.
Era berean, etxebizitzaren eskaria oso ahula da (etxeen % 3tan baino ez da erosteko aukera aztertzen).Autoa erosteko asmoak hobera egin du: % 5ek segurutzat jo du eta % 2k gertagarritzat).
Laburbilduz, 2014ko III. hiruhilekoan, etxeetako konfiantzak ezkortasunean jarraitzen du katigatuta, ekonomiaren eta lanaren egoerari buruzko igurikimen eskasen ondorioz.Aurrezteko gaitasunari buruzko igurikimenek soilik egin dute hobera, etxeetan sumatzen den ziurgabetasunaren ondorioz, segur aski.
(*) Konfiantza-indizeak, kontsumitzaileenak edo etxeetakoak, pertsonek ekonomia orokorra, etxeko ekonomiaren egoera, langabeziaren eboluzioa eta etxean aurrezteko ahalmena hurrengo hamabi hiletarako nola ikusten duten laburbiltzen du.