Caja Laboral Euskal Kopako txapelduna
Gure taldea, Caja Laboral Baskonia, Euskal Koparen lehen edizioko txapelduna da bart gauetik. Izan ere, Lagun Arori 90-65 irabazi zion, hirugarren laurdenean erabat gailendu ondoren.
Lehen edizioaren finala atzo jokatu zen Buesa Arenan, jai-giro izugarrian. Caja Laboralek eta Lagun Arok ikuskizun bikaina eskaini zuten, zaletuen gozagarri. 7.000 zaletu baino gehiago bildu ziren pabilioian, euskal saskibaloiaren festa handian, eta, partida ikuskizun nagusia izan bazen ere, ekintza ugari egin ziren atsedenak girotzeko.
Kirolari lotuta, Caja Laboralak menderatu zuen partida, lehen erdian abantaila txikiekin, Jimmy Baron amerikarrari esker Lagun Arok egindako gorakada (22-28) salbu. Lagun Aro GBC atsedenera 36-33 juxtutxo batez heldu bazen ere, ondoren oso lehiakor aritu zen lehen hogei minutuetan, baina gero hustu egin zen eta hamar puntutik gorako abantaila laga zion aurkariari. Erabakigarria izan zen, noski. Azken zatian, partida garaituta zegoela, jokaldi ikusgarriak ikusi ahal izan ziren. Horien artean aipatzekoa da Caja Laboraleko jokalari berriaren, Vladimir Dragicevic-en, debuta, garaipenaren ateak zabaldu baitzituen.
Partidaren amaieran, gure kapitainak, Mirza Teletovic-ek, Ander Garciarekin batera, txapeldunen garaikurra altxatu zuen bertaraturiko guztien txaloen artean. Horrela, torneoko lehen txapeldun bihurtu gara. Bada, hurrengo bi edizioak bermatuta daude eta, jakina, garaipenaren alde borrokatuko gara.