Menu

Laboral Kutxa Prentsa aretoa

Prentsa oharrak

LABORAL KUTXAK ETA CEPESEK BERRITU EGIN DUTE EKONOMIA SOZIALEKO ENPRESEI FINANTZAKETA EMATEKO HITZARMENA

                    • CEPESek (Ekonomia Sozialeko Espainiako Enpresa Konfederazioak) eta LABORAL Kutxak sinaturiko hitzarmenak, ekonomia sozialeko enpresei finantzaketa emateaz gain, ekintzailetza sustatuko du enpresa-sektore horretan

 

                    • Horrela, LABORAL Kutxak berretsi egin du enpresa-eredu hori osatzen duten erakunde eta pertsonekiko babesa eta konpromisoa

 

                    • CEPESeko erakunde eta enpresa guztiak atxiki ahal izango zaizkio hitzarmenari

 

 

2016ko azaroaren 17a. LABORAL Kutxak eta Ekonomia Sozialeko Espainiako Enpresa Konfederazioak (CEPESek) berritu egin dute ekonomia sozialeko enpresak finantzatzeko sinatuta duten hitzarmena. Akordioa gaur bertan sinatu dute, CEPESen egoitzan, Josu Arraiza LABORAL Kutxaren Enpresen Areako zuzendariak eta Juan Antonio Pedreño CEPESeko lehendakariak. Horrela, bi erakundeok 2012an eta 2014an izenpetutakoak berritu egin dira.

 

Era horretara, parte-hartzean oinarritutako gizarte- eta enpresa-eredu gardenagoa eta lehiakorragoa darabilten erakunde eta pertsonei ematen dien babesa berretsi du LABORAL Kutxak.

 

Hitzarmenaren helburu nagusia da enpresa horiei likidezia emango dieten partidak eskaintzea, inbertsioak errazteko. Ekonomia sozialeko enpresen premia nagusiei erantzuteko diseinatu da hitzarmena. Horri eskerrak, eskura izango dituzte bai ekintzaileentzako finantzaketa-lerro berriak, bai enpresa finkatuenentzako zirkulatzailea finantzatzeko produktuak (kreditu-kontuak, deskontu komertziala edo kreditu-aurrerakinak) eta mailegu edo leasing-eragiketen bidez inbertsioak finantzatzeko produktuak. Xedea da proiektu on eta bideragarriak dituzten enpresa guztiek eskuratzea finantzaketa.

 

Gainera, LABORAL Kutxak behin betiko bultzada eman nahi die ekonomia sozialeko erakunde horien internazionalizazio-prozesuei, mugak irekiz lehiakortasuna hobe dezaten.

 

Pedreñok esan duenez, «oso positiboa da hitzarmena; izan ere, lehiakortasuna handitzen laguntzeaz gain, finantzaketa lortzen laguntzen die, ez CEPESeko enpresei soilik, baita ekonomia sozialaren baitan sortzen diren ekintzailetza-proiektu berriei ere».

 

Ekonomia sozialaren patronaleko lehendakariak hauxe erantsi du: «gure sektoreko enpresei finantzaketa jasotzeko aukera emanez, lehiakortasuna hobetzen laguntzen diegu, eta proiektu berriak garatzen, enplegua eta aberastasun ekonomiko eta soziala sortzeko».

 

Ekintzailetza beti egon da LABORAL Kutxaren historian, hastapenetatik. Horregatik, behar besteko baliabide ekonomikoak eskaintzeaz gain, entitateak bere profesionalen laguntza eta esperientzia eskainiko die bezeroei, negozioa diseinatu eta abiatzen laguntzeko.

 

LABORAL Kutxaren eta CEPESen arteko itunak elkarte hori osatzen duten 43.000 inguru enpresei egingo die mesede. Enpresa horiek estatuko BPGd-aren % 10 sortzen dute, bai eta 2.200.000 enplegu zuzen eta zeharkako ere. Beraz, LABORAL Kutxaren laguntzari esker, hazten jarraitzeko asmoa du CEPESek, eta, bide horretatik, enplegua sortzen eta proiektuak aurrera ateratzen.

 

 

CEPES

Ekonomia Sozialeko Espainiako Enpresa Konfederazioa (CEPES) Espainiako ekonomia sozialeko erakunde nagusia da, eta, ondorioz, botere publikoekin elkarrizketa instituzionala bideratzeko plataforma. Guztira 28 bazkide ditu, 42.800etik gora enpresaren interesak ordezkatzen. Horiek enplegu guztien % 12,5 sortzen dute, BPGd-aren % 10 inguruko fakturazioarekin. Bazkideek 200 egitura baino gehiago dituzte autonomia-erkidegoetan, batik bat nazioko eta autonomia-erkidegoetako erakundeak eta enpresa-taldeak, eta askotariko enpresak ordezkatzen dituzte: kooperatibak, lan-sozietateak, mutualitateak, gizarteratze-enpresak, enplegu-zentro bereziak, desgaitasunaren sektoreko elkarteak eta arrantzale-kofradiak.