Menu

Laboral Kutxa Prentsa aretoa

Prentsa oharrak

LABORAL Kutxak eta CEBEKek Bizkaiko ETE-en finantza-prestakuntza sustatzeko hitzarmena berritu dute

 

  • Lankidetza-hitzarmenaren helburua da Bizkaiko ETE-en finantza-arloko prestakuntza-jarduerak bultzatzea eta dinamizatzea.
  • LABORAL KUTXAk eta CEBEKek Finantza Gestioko programa bat prestatu dute, enpresentzat interesgarriak izango diren jardunaldiez eta lantegiez osatuta.

2014ko ekainaren 20a. Josu Arraizak, LABORAL Kutxako Enpresen Areako zuzendariak, eta Francisco J. Azpiazuk, CEBEKeko idazkari nagusiak, berretsi egin dute bi erakundeek iaz sinatutako lankidetza-hitzarmena, Bizkaiko ETE-en finantza-alorrean prestakuntza-jarduerak bultzatzeko eta dinamizatzeko.

Eginkizun hori aurrera eramateko, LABORAL Kutxak profesional adituak jarriko ditu CEBEKen esku, antolatuko diren jardueretan txostengile gisa aritzeko. Jarduera horien helburua ezagutzak eguneratzea da, inbertsioari nahiz finantzazioari loturiko alderdietan enpresen finantza-gestioa egungo ziurgabetasun-egoerara egokitzeko.

Jardunaldiak eta lantegiak

Hirugarren urtez jarraian, LABORAL Kutxak eta CEBEKek banku-finantzaketari loturiko prestakuntza-programa bat prestatu dute, enpresentzat interesgarriak izango diren jardunaldiez eta lantegiez osatuta.

Prestakuntza-ekintzak honako hauei zuzenduta daude: enpresariei; kudeatzaileei; finantza-, administrazio-, altxortegi-, kontabilitate- eta zerga-alorretako arduradunei; eta enpresaren gestioan erantzukizunak dituzten pertsonei.

Programako lehen bi jardunaldiak ekainean burutu dira. Ondoren, datorren irailaren 30ean, programak aurrera jarraituko du, honako jardunaldi honekin: “Merkataritza-gestioaren finantza-alderdiak”; urrian, berriz, alde praktikoa lantzeko lantegiak egingo dira, “ETEaren gestioa, aurreikuspena eta kontrol ekonomiko-finantzarioari” buruzkoak.

Azken jardunaldiak, ”Altxortegiaren gestio aktiboa: likidezia-arriskuak eta finantzaketa krisi-garaian” izenekoak, azaroaren 5ean, 10ean eta 11n gauzatuko dira.

Parte-hartze arrakastatsua

Lehen bi prestakuntza-jarduerak “Banku-finantzaketa eta enpresa finantzatzeko aukerak” eta “Finantza-gestioaren gakoak eta nola lortu erabakiak hartzeko informazioa” izan dira eta oso harrera ona lortu dute bertaratuen artean, horiek jaso duten nota “oso ongi” izan baita.

Hitzarmenak berretsi egiten du LABORAL Kutxak prestakuntzarekin hartua duen konpromisoa, Bizkaiko ETE-ei finantza-gestioetan laguntzeko.

LABORAL Kutxak eta CEBEKek Bizkaiko ETE-en finantza-prestakuntza sustatzeko hitzarmena berritu dute