Menu

Laboral  Kutxa  Prentsa  aretoa

Prentsa oharrak

LABORAL KUTXA ETA CEBEK BATERA ARITUKO DIRA BIZKAIKO ENPRESEN LEHIAKORTASUNA AREAGOTZEKO

 

                  • Finantza Gestioko Programak alor ugari biltzen ditu, hala nola balantzeak aztertzea, ordaindu gabeak berreskuratzea eta aurrekontuak prestatzea

 

                  • 2016ko lehen bost hilabetetan, Laboral Kutxak milioi bat eurotik beherako merkataritza-finantzaketaren %27 bideratu du Bizkaiko enpresetara

 

Bilbo, 2016ko ekainaren 23a.- Produktibotasun handiagoa, kalitate handiagoa, kostu txikiagoa… ETE-ek ezinbestekoa dute euren lehiakortasuna etengabe berritzea, merkatuak agindutako erritmoari eutsi nahi badiote. Ez da kontu erraza, ordea. Bizkaiko Enpresen Konfederazioak (CEBEK) eta LABORAL Kutxak bien ala bien borondate eta baliabideak bateratu dituzte, Bizkaiko enpresa txiki eta ertainei ekonomiaren eta finantzen inguruko prestakuntza eskaini eta, horri esker, lehiakortasunean jauzi kualitatiboa egiteko aukera izan dezaten.

LABORAL Kutxako Enpresen Areako zuzendari Josu Arraizak eta CEBEKeko idazkari nagusi Francisco J. Azpiazuk Finantza Gestioko Programa osatua garatzeko lankidetza-hitzarmena sinatu dute. Besteak beste, jardunaldiak eta lantegiak egingo dira hainbat enpresa-alorretan espezializatutako kontsultoretzetako profesional adituen eta euskal kreditu-kooperatibetako teknikari espezialisten eskutik.

Josu Arraizaren esanetan, “ETEak dira Bizkaiko enpresa-errealitatearen benetako protagonistak eta LABORAL Kutxan aspaldi barneratu dugu haien lehiakortasuna hobetzen laguntzeko konpromisoa, haien onura ekonomia osoaren onura da eta”. Francisco J. Azpiazuk, bere aldetik, CEBEKek enpresei laguntzeko proiektuen sortzaile gisa duen eginkizuna azpimarratu eta ildo horretan nabarmendu duenez, “ETE-ek euren ezagutzak eguneratu behar dituzte, finantza-eragiketak optimizatu ahal izateko. Hitzarmen honen bidez, gure enpresei gaur egungo zalantza-aldia berme handiagoz gainditzen eta lehiakortasuna hobetzen lagunduko diegu”.

LABORAL Kutxak beti izan du lotura estua Bizkaiko industria-ehunarekin, foru-lurraldeko enpresei emandako merkataritza-finantzaketari buruzko datuek erakusten duten bezala. Hala, Erakundeak 2016ko lehen bost hilabeteetan formalizatu dituen milioi bat eurotik beherako mailegu eta leasing guztiak bilduta, emandako bolumenaren %27 Bizkaian banatu da, euskal kreditu-kooperatiba errotuta dagoen beste edozein probintziatan baino gehiago, eta 2015eko aldian emandako bolumena baino % 18tik gora gehiago.

Hala, urtarriletik maiatzera bitartean Bizkaiko 1.151 enpresa finantzatu ditu LABORAL Kutxak, aldi horretan finantzatutako merkataritza-erreferentzia guztien % 31.

Programaren helburu nagusiak dira enpresariak eurak, ETE-etako gerentzia betetzen dutenak, eta konpainietako organigrama osatzen duten sailetako buruak (finantzetakoak, administraziokoak, altxortegikoak, kontabilitatekoak, zerga-alorretakoak eta abar).

2013an ekimena abian jarri zenetik hona, 1.615 lagunek hartu dute parte programan, eta 10etik 8,34ko gogobetetze-maila lortu da.

 

“LABORAL Kutxaren eta CEBEKen arteko 2016ko Finantza Gestioko Programa”

JarJardunaldiak:

 

    • “2016rako FINANTZA LERROAK ETA AUKERAK: Elkar Bermatzeko Sozietatea, lehentasunezko finantzaketa-lerroak eta zirkulatzailearen gestioa”.
    • “ORDAINDU GABEAK BERRESKURATZEAREN GESTIO PRAKTIKOA. CASH MANAGEMENT ETA ALTXORTEGIAREN GESTIOA”.
    • “ENPRESEN BALORAZIOA”.
    • “BALANTZEEN ANALISIA”.
    • ““NOLA PROIEKTATU ETORKIZUNERA FINANTZA EGOERAK”.
    • “SALMENTAREN ETA KOBRANTZAREN GESTIO KOMERTZIALA EGITEKO FINANTZA ETA MERKATARITZA ALORREKO TRESNAK”.

 

Lantegi praktikoak: “GESTIO, AURREIKUSPEN ETA KONTROL EKONOMIKOA ETA FINANTZARIOA ETE-etan”:

 

    • 1. lantegia. Sarrera. Galdu-irabazien kontua prestatzea. Egoera-balantzea egitea.
    • 2. lantegia. Finantza-egoeren analisia eta interpretazioa: teknikak, ereduak eta ratio ekonomiko-finantzarioak.
    • 3. lantegia. Aurrekontuak, aurreikusteko bidea: aurrekontu partzialak.
    • 4. lantegia. Aurrekontu orokorrak egitea.