Menu

Laboral  Kutxa  Prentsa  aretoa

Prentsa oharrak

Ingurunearen aldeko konpromisoa sendotu eta mailegu berde sorta zabala eskaini du Euskadiko Kutxak

Iraunkortasuna sustatzen duten produktu edo zerbitzuen erosketa finantzatzeko kreditu-lerro berriak jarri ditu abian Euskadiko Kutxak. Mailegu berdeek enpresa eta partikularrentzako interes-tasa txikiak eta lehentasunezko prezioak izango dituzte, kontsumo txikiko ibilgailuak eta etxetresna elektrikoak erosteko eta etxean eraginkortasun energetikoa handituko duten erreformak egiteko. Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailak Ihobe sozietate publikoaren  bidez kudeatutako “Ekoeraginkortasuna Euskal Enpresan 2010-2014 Programan” parte hartzen du Euskadiko Kutxak.

Ecoleasing eskaintzaEuskadiko Kutxak ingurumenaren aldeko konpromisoa sendotu egin nahi du. Horretarako, finantza-produktu berdez osatutako katalogoak merkaturatu ditu, iraunkortasuna sustatzeko eta bezeroengan jokaera ekoeraginkorrak errazteko, esaterako etxebizitzak, ibilgailuak edo etxetresna elektrikoak erostean edo instalazio eta ekipamenduetan erreformak egitean.

Ekokredituen izen komertzialarekin, Euskadiko Kutxak 40 milioi euroko finantzaketa-lerro berria jarri du abian, leasingaren edo rentingaren bidez kontsumo txikiko ibilgailuak finantzatzeko helburua izango dutenak. Ibilgailu horiek honako baldintza hauetakoren bat bete behar dute: 120gr/Km CO2 baino gutxiago isurtzea, motor hibridoz edo elektrikoz dabiltzan autoak izatea edo Euro 6 motorra duten kamioi edo autobusak izatea. Kreditu-lerro berria Euskadiko Kutxaren Enpresaren Gizarte Erantzukizunari buruzko Txostenak jasotako iraunkortasun-ekimenetako bat da, eta, aipatutako helburuaz gain, kontsumo txikiko etxetresna elektrikoen erosketa finantzatzea ere barne hartzen du, baita etxeen birgaikuntza integrala ere, eraginkortasun energetikoko irizpideak erabilita eta Administrazioak jarritako baldintzak beteta.

Azken ekimen hori gauzatzeko, Euskadiko Kutxak eta Mondragon Korporazioko (MCC) enpresa batzuek (Ulma, LKS, Ondoan eta Fagor kooperatibek) akordio bat sinatu dute, jabekide-elkarteei etxebizitzen birgaikuntza integraleko zerbitzua eskaintzeko, inbertsioen iraunkortasuna, eraginkortasun energetikoa eta errentagarritasuna lehenetsita. Horri esker, jabekide-elkarteek beren  ekipamenduak eguneratu eta prestazioen aldetik erakin berriekin parekatu ahalko dituzte. Zerbitzu hori gremioak koordinatu eta kudeatzeko “giltza eskura” sistemaren bidez eskainiko du, eta honako hauek hartuko ditu barne: eraikinaren egoera orokorraren diagnostikoa, proiektuak eta obrak egitea (igogailuen instalazioa, fatxadak berritzea, berokuntza-instalazioak hobetzea etab.), egin beharreko inbertsioen finantzaketa, birgaikuntzarako dirulaguntzen inguruko informazioa eta gestioa, eta azkenik, aholkularitza energetikoa eta berokuntzan eta aire egokituan lor daitekeen aurrezpenaren kalkulua.

Finantzaketa horretarako finkaturiko interes-tasak mailegu pertsonalen merkatuan dauden txikienetakoak dira, eta, lehentasunezko prezio horiek eskaintzeaz gain, bezeroari maileguaren zenbatekoaren % 0,5 itzuliko zaio, irekiera-komisioa jaistearen bidez.  

Enpresen kasuan, Euskadiko Kutxak, kreditu-inbertsioko eta sinadura arriskuko eragiketak -diruzaintza-esparruak, balio-zorroa eta moneta-aktiboak alde batera utzita- onartzerakoan, aintzat hartu dituen alderdietako bat enpresaren ingurumen-arriskua da.

Izan ere, kreditua eskatzen duen enpresak aldez aurretik ingurumena kudeatzeko sistema bat badu, horren arriskua puntu bat jaitsiko da. Hala, hasierako arriskua (erabiltzen diren baremoen arabera) handia bada, aipatutako baldintza hori betez gero, ertaina izatera jaitsiko da, eta horrela mailaz maila.  

Eusko Jaurlaritzak Ihobe sozietate publikoaren bidez abian jarritako “Ekoeraginkortasuna Euskal Enpresan 2010-2014 Programari” atxikitako 148 euskal konpainietako bat da Euskadiko Kutxa. Ekimenaren helburua, Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) enpresekin batera jardunda, euskal produkzio-sarea eraldatu eta ekoeraginkor, berritzaile eta iraunkorrago bihurtzea da.