Menu

Laboral Kutxa Prentsa aretoa

Prentsa oharrak

Gaztenpresak mentoring programa jarriko du abian irailean, Euskadin enplegua sortzeko asmoz

  • Prestakuntza-programen bidez, finantzaketa eskuratzen lagunduz eta “mentoringaren” bitartez, gazteei euren enpresak sortzen laguntzea da sare horren helburua.

 

  • Negozio-ideia bat izanik, finantzaketa eskuratu ezinik dauden 18 eta 35 urte bitarteko ekintzaileei zuzenduta dago ekimena.

 

  • Gaztenpresarekin batera, Madrilgo Tomillo Fundazioa eta Kataluniako CP’AC Fundazioa arituko dira ekimen horretan, Youth Business Internationalen (YBI) esparruan.

 

2014ko irailaren 2a. Irailean, Gaztenpresak mentoring-programa bat jarriko du abian, hiru zerbitzu nagusi (prestakuntza, finantzaketa eta mentoringa) konbinatuko dituen metodologiari esker, gazteei euren enpresa sortzen laguntzeko.Mentoringari dagokionez, esan daiteke ikasteko eredu berezia dela. Eredu horren bitartez, ekintzailetzan edo enpresan eskarmentu zabala duen pertsona batek trebezia eta konpetentziak indartzen laguntzen dio beste pertsona bati, azken horren garapen pertsonala eta profesionala ahalbidetzeko.

Mentoring-programak hainbat helburu ditu: lanpostuak sortuko dituzten negozio berriak eratzeaz gain, hain zuzen, gazteentzako prestakuntza-ekintzak garatzea, banku-maileguak eskuratu ezin dituzten ekintzaileentzako finantzaketa bultzatzea eta ekintzaileei euren enpresa-proiektuak sendotu eta garatzen laguntzea.Ildo beretik, one-to-one harremana ere lantzen du programak. Zehazki, 2-4 orduko saioak egingo dira, normalean enpresa berri batean, hamabostean edo hilean behin, urtebeteko epean eta beste urtebetez luzatzeko aukerarekin.

Ekintzailetzarako ahalmena eta negozio-ideiak izan arren, negozio propioa sortzeko baliabideak eta zerbitzuak eskuratu ezinik dabiltzan 18-35 urte bitarteko gazteak izango dira ekimenaren hartzaile nagusiak.

Esperientzien bidez ekintzailetza sustatzea

Negozioak egiteko arauak aldatu egin dira eta enpresa-eredu berria ulertu ahal izateko, ikasteko eta ezagutza gestionatzeko modu berriak sortu dira; adibidez, mentoringa.

Mentoreen eginkizuna zera da: gazte ekintzaileei erabakiak hartzen laguntzea, baina erantzunak eskaini beharrean galdera kritikoak eginez. Izan ere, horrela euren hazkunde pertsonala eta euren buruekiko konfiantza bultzatzen da.

Mentoreak ekintzailetzan esperientzia duten enpresariak eta ekintzaileak dira eta boluntario gisa aritzen dira gazteei lehen enpresa-abenturan lagun egiten.

Irabazi asmorik gabeko erakundeen sare globala

Ekintzaileentzako mentoring-programa Gaztenpresak, Tomillo Fundazioak (Madril) eta CP’AC Fundazioak (Katalunia) bultzatutako ekimen kolektiboa da, eta autoenplegu gaztea sustatzeko Youth Business International (YBI) sare globalaren esparruan kokatzen da.

Youth Business Spain (YBS) Youth Business International (YBI) irabazi-asmorik gabeko erakunde independenteen sare globaleko kidea da.YBIri dagokionez, 80ko hamarkadan eratutako GKEa da, gazteen ekintzailetza bultzatzen aritzen dena eta berrogei herrialde baino gehiagotan hedatuta dagoena.

Gaztenpresa ekintzaileekin

Gaztenpresak Youth Businnes Spain (YBS) eratzen parte hartu zuen 2014ko martxoan. Gazteen trebeziak eta gaitasunak indartu eta garatzeko Fundazio horrek egiten duen apustuetako bat mentoringa da. Zerbitzu hori boluntario gisa aritzen diren profesionalek eskaintzen dute Euskal Herrian.

Gaztenpresa LABORAL Kutxak bere gizarte-ekintzaren esparruan garatutako ekimena da, eta Hego Euskal Herrian enplegua sustatzea eta ekintzaileei enpresak sortzen laguntzea da haren helburua.

2014ko lehen lauhilekoan, erakundeak 146 enpresa sortzen lagundu du, hau da, 2013ko aldi berean eratutakoak baino 87 enpresa gehiago. Hartara, % 147ko hazkundea izan da enpresa-sorreretan eta 263 lanpostu ere sortu dira horien bidez.Emaitza horiei esker eta ekintzaileen ideiak eta proiektuak hezurmamitzen lagunduz, entitateak enplegua eta aberastasuna bultzatzen jarraituko du.

Gaztenpresak mentoring programa jarriko du abian irailean, Euskadin enplegua sortzeko asmoz