Menu

Laboral  Kutxa  Prentsa  aretoa

Prentsa oharrak

EZAGUTZARI LOTUTAKO INDUSTRIAK ETA BEZEROAREN HURBILEKO ZERBITZUAK IZANGO DIRA ENPLEGUAREN ERAGILEAK

 

  • Ekonomiaren tertziarizazioa gertatu da, eta sektoreen arteko mugak lausotu egin dira
  • GainkualifikazioarI eta emakumea profil teknikoetara sartzeari erantzuna eman behar zaie
  • Biztanleria zahartzeak aukerak ekarriko ditu enpleguaren ikuspegitik
  • Hurbileko zerbitzuek, hala nola arreta pertsonalari, osasunari edo kirolari lotutakoek, lanpostuak sortzeko ahalmen handiagoa izango dute

 

2016ko otsailaren 22a.­Nola ari gara irteten krisialditik? Galdera errepikaria da, leku komun bat. Erantzunak zehatzak dira, eta Laboral Kutxako Ikerketa Departamentuak azken 11 hiletan egin duen txosten batean aurki daitezke. Txostenak 150 orrialde ditu eta haren izena hauxe da: “Enpleguaren aurreikuspen sektorialak euskal ekonomian”.

Azterlana gaur, astelehenean, aurkeztu da lehen aldiz, Laboral Kutxak Bilbon duen egoitzan. Joseba Madariaga txostenaren egile eta Ikerketa Departamentuko zuzendariak aurkeztu du, Julio Gallastegi euskal kreditu-kooperatibako zuzendari nagusiak eta Angel Toña Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuak lagunduta.

Julio Gallasteguik adierazi duenez, azterlan hau bat dator Laboral Kutxak ekonomiari buruzko ikerketak egiteko eta ezagutza hori gizarteari ezagutarazteko duen tradizioarekin. Finantza-buruzagiak gogora ekarri du Caja Laboralak 1978. urtean beste azterlan bat argitaratu zuela antzeko gaiarekin; eta, azpimarratu duenez, azken hamarkada honetara mugatutako beste azterlan bat plazaratzea komeni zen, “berriz ere krisi ekonomiko sakonaren testuinguru batean” eta “berriz ere lanari buruzko kezka oso nabaria den egoera batean”.

(ezkerretik eskumara) Joseba Madadiaga, Ángel Toña y Julio Gallastegui txostenaren aurkezpe na hasi aurretik

(ezkerretik eskumara) Joseba Madadiaga, Ángel Toña eta Julio Gallastegui txostenaren aurkezpena hasi aurretik

Gallastegik bere egin du Laboral Kutxak euskal ekonomiaren eragile aktibo gisa betetzen duen eginkizuna. Eginkizun horren barruan, entitateak iritzi eraikitzaile eta independentea ematen du datozen urteetarako enpleguaren inguruan aurreikusitako dinamikei buruz, “interesaturiko pertsona eta erakundeei enpleguaren etorkizunaren inguruko elementu garrantzitsuenen berri emateko”.

Bestalde, etorkizuneko joerak aurreikusten dituzten txosten mota hauen garrantzia azpimarratu du Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburu Angel Toñak, “etor litezkeen agertokietarako politikak eta jarduketak prestatzeko aukera ematen digutelako”.

Joseba Madariagak, berriz, txostenaren edukirik garrantzitsuenak ezagutarazi ditu. Euskal ekonomiak azken hamarkadan izan duen jarduera ekonomikoaren eta enpleguaren eboluzioari buruzko azterketa sakona du abiapuntu. Hortik abiatuta, Euskadin epe ertainera eta luzera jarduera eta enplegua sortzeko sektorekako aurreikuspenak aztertzen ditu, nazioarteko eta, batez ere, Europako testuinguruan.

Kontzeptualki, produktuen bizi-zikloaren ideiak markatu du aztertzeko metodoa. Hala, heldutasun teknologikoaren ondorioz, produkzioa area geografiko batzuetatik beste batzuetara lekualdatzea da elementu bereizgarria eta garrantzitsua. Bizi-zikloaren eta lurraldeen arteko konparazio-abantailen inguruko teoria hori lan-ildo berritzailea da, eta beste azterlan sektorial batzuetan ere erabili da, hala nola makina-erremintari, zurezko altzarien fabrikazioari edo nekazaritzako elikagaien sektoreari buruzko lanetan.

 
Nola ari gara irteten krisialditik?

EAEn krisialditik ateratzeko dugun abiapuntuko egoerari dagokionez, ikuspegi sektorialak hauxe erakusten digu: industria-sektorea ahul dago, enplegu asko galdu du (65.000 lanpostu gutxiago 2008tik 2014ra bitartean), eta, ondorioz, Balio Erantsi Gordinari (BEGd) egin duen ekarpena jaitsi da. Ekonomiak tertziarizazio-zantzu nabarmenak ditu, baina sektoreen arteko banalerroak gero eta lausoagoak dira. Beherakadak oso nabarmenak dira sektore batzuetan, esaterako zapatagintzan, zurgintzan, arte grafikoetan eta metalgintzan. Zerbitzuek, berriz, hobeto egin diote aurre krisialdiari enpleguaren aldetik, batez ere hezkuntzaren, osasunaren eta gizarte-zerbitzuen alorretan.

Gainkualifikazioa eta sexuen araberako desorekak, arazo erantsiak

Biztanleria okupatuak gainkualifikazio-maila handia du. Prestakuntza eta kualifikazioa funtsezko elementuak dira enplegu iraunkorra bermatzeko, Europa osoan. Alde horretan, Euskal Autonomia Erkidegoko errealitatearen azterketak protagonismo berezia hartzen du; izan ere, argi eta garbi erakusten du bitarteko kualifikazioa duten langileen beharra dagoela, EAEk gainkualifikazioari lotutako egiturazko arazoa baitu, krisiak areagotuta. Ondorioz, txostenak agerian jartzen du lanbide-orientazioko prozesuak hobetzeko premia, enpresen beharrei aurrea hartzeko eta, horrela, enplegu-eskaintzaren eta -eskariaren arteko desorekak saihesteko.

Sexuaren araberako kualifikazioaren analisiak datu esanguratsu bat erakusten digu: emakumeak ez dira industria-adarretara lerratzen, batez ere Lanbide Heziketako ikasketen esparruan. Ondorioz, emakumeak Lanbide Heziketako eta Unibertsitateko industria-adar batzuetan duen parte-hartzea handitzea izango da datozen urteetan aurre egin beharreko erronka.

Etorkizunari begiratu bat

Txostenak datorren hamarkadara luzatzen du analisia, eta hazteko ahalmenik handiena duten sektoreak identifikatzen ditu, baita sektore horien inguruan azaleratzen diren enplegu-aukerak ere. Demografiaren ikuspegitik, biztanleria zahartzeak aukerak ekarriko ditu enpleguarentzat, lan egiteko adinean dauden pertsonak gutxitu egingo baitira. Estimazioen arabera, ordezkapen-eskariak (langileen erretiroagatik hutsik geratzen diren lanpostuak) 266.000 lanpostu sorraraziko ditu, eta hedapen-eskariak 36.000 lanpostu sortuberri besterik ez.

Zentzu horretan, ezagutzaren ekonomiarekin eta iraunkortasunarekin lotutako “industria berria” (sektore “berdeak”, ekonomia zirkularra eta abar) aukera-eremu zabala izango da, gertuko etorkizunean, lanpostu berrientzat. Azken eskariaren hurbileko zerbitzuak ere hirugarren sektoreko lanpostuak sortzeko eremu garrantzitsua dira. Hala, hurrengo urteetan enpleguak gora egitea aurreikusten da pertsonentzako zerbitzuen sektorean. Izan ere, eskari handiagoa sortuko duten joera demografikoak eta sozialak gertatuko dira, eta eskaintza hobeto egituratzeko prozesuak haren garapena eragingo du. Adibidez, gora egingo dute etxeko arreta-zerbitzuen eskariak, osasunarekin eta kirolarekin zerikusia duten lanpostuek eta sorkuntza-sektoreari eta sektore digitalari lotutako lanbideek.

 

Estekak:

ENPLEGUAREN PERSPEKTIBA SEKTORIALAK EUSKAL EKONOMIAN (txosten osoa)

-ENPLEGUAREN PERSPEKTIBA SEKTORIALAK EUSKAL EKONOMIAN (laburpen exekutiboa)