Menu

Laboral Kutxa Prentsa aretoa

Prentsa oharrak

ENPRESA KONFIANTZAK PIXKA BAT HOBERA EGIN DU

 

                  • Inkestatuen %83,3ren ustez, Brexitak eragin negatiboa izango du, eta % 16,7ren iritzian, eragin positiboa

 

                  • Konfiantza Indizea 55,1ekoa da eta hedapen-eremuan dago, Espainian (54,8) eta Eurogunean (52,9) ateratako balioekin bat

 

2016ko urriaren 5a.- Laboral Kutxak Industria Konfiantzari buruzko Inkesta egin die Euskal Autonomia Erkidegoko enpresei, 2016ko laugarren hiruhilekorako dituzten espektatiben berri izateko. Bada, ondorio interesgarriak eman ditu, aurreko hiruhilekoan baino pixka bat hobeak. Ondoren, ondorio nagusiak azalduko ditugu labur-labur.

Enpresek ingurune ekonomikoari buruz dituzten espektatibei dagokienez, % 66,5ek uste du egoerak bere horretan jarraituko duela, eta % 16,5ek hobera egingo duela. Beraz, ikuspegi baikorra da nagusi eta, ondoren ikusiko dugunez, berdintsu pentsatzen dute azterturiko gainerako aldagaietan.

Enpresek fakturazioari buruz dituzten aurreikuspenak onak dira, 2016ko laugarren hiruhilekoari dagokionez. Hala, % 62,4ren iritziz, egoerak bere horretan segituko du, eta % 29,7ren ustez, onera egingo du. Beraz, fakturazio txarragoa espero duten enpresen kopurua % 7,9koa baino ez da.

Aurreko adierazlearekin bat, 2016ko laugarren hiruhilekoan jarduerak bere horretan segituko duela uste dutenen kopurua % 68,9koa da, eta egoerak hobera egingo duela uste dutenena % 19,7koa. Inkestatuen % 11,4ren ustez, berriz, jarduerak txarrera egingo du.

Erantzunok ikusita, honako zalantza hau sortu zaigu: fakturazioa eta jarduera hobetuko dela uste dutenek gehiago saltzea ala garestiago saltzea espero dute? Dena den, emaitzen arabera, badirudi eskaera-bolumena hobetzea espero dutela. Inkestatuen % 58,9k bolumenari eustea espero du eta % 31,1ek hobetzea. % 10,0ek, berriz, txarrera egingo duela uste du.

Prezioei dagokienez, egonkor jarraituko dutela uste dute gehienek; izan ere % 81,1ek uste du prezioek bere horretan segituko dutela laugarren hiruhilekoan zehar. Gainerako enpresetatik, % 4,3k uste du prezioak handiagoak izango direla eta % 14,6k prezioak jaitsi egingo direla.

Eragiketen errentagarritasun-espektatibei dagokienez, % 67,3k uste du errentagarritasunean ez dela aldaketarik izango, % 15,4k errentagarritasuna handiagoa izango dela eta % 17,3k txikiagoa izango dela.

Orain arte azterturiko datuen arabera, egoera nahiko positiboa da, eta, ondoren ikusiko dugunez, badirudi enpresek ahalmen produktiboa handitzeko eta, ondorioz, langileen kopurua handitzeko asmoa dutela.

Inbertsio-bolumenari dagokionez, enpresen % 73,2k uste du eutsi egingo diola 2016ko laugarren hiruhilekoan. % 15,7k, berriz, inbertsio-bolumenak gora egitea espero du. Beraz, inkestatuen % 11,1en ustez, inbertsio-bolumena jaitsi egingo da.

Azkenik, enpresen % 77,3k uste du enpleguari eutsi egingo zaiola, % 16,8k langileria handitu egingo dela eta % 5,9k langileria jaitsi egingo dela.

Inguruneari buruzko iritzia ez beste adierazleak gehitu eta Industria Konfiantzaren indizearen balioa lortzeko haztatzen baditugu , emaitza 55,1ekoa da. Ondorioz, aurreko hiruhilekoko datua, 55,0koa, handitu egin da. Datu horretatik honako interpretazio hau egiten da: 2016ko laugarren hiruhilekoko ekonomiaren bilakaerari buruz ikuspegi baikorragoa dutela enpresek. Gainera, indizearen balioa 50etik gorakoa izateak hedapen-eremuan egotea adierazten du, eta hori bat dator beste esparru geografiko batzuetan (Espainia eta Eurogunea) lortutako balioekin (54,8 eta 52,9, hurrenez hurren).

Amaitzeko, inkestako beste gai batzuetan izandako emaitzak aurkeztuko ditugu, aurreko paragrafoan azaldutako indizearekin zerikusirik ez dutenak. Azken urteko esportazioen bilakaerari dagokionez, inkestatuen % 66,1ek uste du bere horretan jarraitu dutela eta % 23,2k hobera egin dutela. % 10,7k bakarrik uste du atzerriko salmentek txarrera egin dutela.

Azken urtean berrikuntzari edo I+Gko ekimenei bideraturiko salmenten portzentajeari dagokionez, inkestatuen % 67,6 balio minimoetan kokatzen da: % 0 eta % 0,5 artean; beste % 6,6k, ordea, % 5 baino gehiago bideratzen du arlo horietara.

Bezeroei kobratzeko epeari dagokienez, azken urtean ez da aldaketarik izan % 77,9ren ustez. Enpresen % 16,0k, berriz, epea handitu egin dela uste du, eta % 6,1ek txikitu egin dela.

Amaitzeko, inkestatuen % 67,7ren iritziz, banku-finantzaketa eskuratzeko erraztasuna ez da aldatu azken urtean. Gainerako enpresak honela daude banatuta: % 24,30en iritziz, erraztasun handiagoa dago, eta % 8,0k kontrakoa uste du.

 

 

ERANSKINA: brexita

Iragan ekainean, Erresuma Batuak Europar Batasunetik irteteko harturiko erabakiak harridura sorrarazi zuen nazioarteko komunitatean, batik bat Europar Batasunean bertan. Garrantzi handiko gertaera bat denez, inkestan horri buruzko galdera batzuk sartzea erabaki dugu. Jarraian, gai horri buruz egindako bi galderari eman zaizkien erantzunak azalduko ditugu laburki.

Brexitak euskal ekonomian nolako eragina izango duen galderari, inkestatuen % 83,3k esan du eragin negatiboa izango duela, eta % 16,7k kontrako iritzia agertu du.

Eta, azkenik, panela osatzen duten enpresak baikorragoak dira brexitak euren negozioan izango duen eragina adieraztean; izan ere, % 2,2k soilik uste du eragin handia izango dela; %30ek, ordea, ez du inolako eragin negatiborik espero.