Menu

Laboral Kutxa Prentsa aretoa

Prentsa oharrak

EAEko etxebizitza-merkatuari buruzko ikerketa – Euskadiko Kutxa Ikerketa Departamentua

090702_clp_009

  • Etxebizitza-sektoreak euskal ekonomiari egindako batez besteko ekarpena % 9koa izan da 2005 eta 2008 bitartean.
  • Azken hamarkadako jarduera biziaren ondorioz, 20.000-30.000 etxebizitzako gehiegizko eskaintza dago.
  • EAEko etxe kopuruak handitzen jarraituko du 2020ra arte (kasurik onenean, 8.100 gehiago izango dira urtean, eta gutxienez, 3.800).

Atzean utzi dugun hazkunde ekonomikoak iraun duen hiru bosturtekoetan, oinarrizko sektoreetako bat eraikuntza izan da. Sektore horrek izandako gorakada izugarriak harriturik utzi zituen aditu guztiak, eta sektore garaiezina zelako sinesmena zabaldu zen gizartean. Hala ere, sektorearen bilakaera hori ulertzeko arrazoi ugari dago. Alde batetik, arrazoi demografikoak eta soziologikoak, hala nola baby boom belaunaldiarentzako etxebizitza-beharra, emakume asko eta asko lan-merkatuan sartzea eta guraso bakarreko familia kopuruaren gorakada. Bestalde, arrazoi ekonomikoak ere badaude, esate baterako errentak bitarte horretan izan duen hazkundea eta Ekonomia eta Diru Batasunean (EDB) sartu osteko interes-tasen jaitsiera; horiei esker, nabarmen erraztu zen hipoteka-maileguen bidez finantzaketa aurkitzea.

090702_clp_00511Nolanahi ere, azken urteotan nahikoa argi ikus zitekeen aipatutako eragile horiek agortzen ari zirela eta, hortaz, eskaintza egokitu beharra zegoela, eta ez zen halakorik egin. Azkenik, “subprime krisiaren” sorrerak, 2007ko udan, tentsio-egoera eragin zuen Espainiako ekonomian, eta burbuila lehertu egin zen.

Orain, gertakizun horien esanahia argitu beharra dago, etorkizunari begira. Zenbaitetan ematen du sektorearen bilakaerari buruz oso ikuspegi baikorra zegoela lehen eta, aipatutako gertakizunen ostean, balantza alde ezkorrera makurtu dela. Ondorioz, sektorearen bideragarritasuna bera ere zalantzan dago. Hala, ikerlan honen bidez EAEko eraikuntza-sektorea aztertu dugu, etxebizitza-azpisektorea bereziki aintzat hartuta. Testuinguruaren ikuspegitik begiratuta, sektoreak euskal ekonomiari egindako batez besteko ekarpena % 9koa izan da 2005 eta 2008 bitartean. Ehuneko hori handitzen joan da hamarkadaren hasieratik aurrera, azken urteotako dinamismoaren ondorioz. Hala, portzentaje hori EDBko % 6aren eta Estatuko % 12aren erdian dago, gutxi gorabehera.

Gaur egun, etxebizitza-azpisektorearen egoerari buruzko datuek argi eta garbi erakusten  dute 2008an hasitako beheraldia. Ikerlan honek zenbait ikuspegi erabiltzen du  etxebizitza aztertzeko (eskaintza, eskaria, finantzaketa eta prezioak) eta sektorearen doikuntza gertatzen ari dela ikus daiteke nabarmen, nahiz eta EAEn aldaketak Estatu osoan baino apalagoak izan.

Nolanahi ere, azken hamarkadako jarduera biziaren ondorioz, gaur egun 20.000-30.000 etxebizitzako gehiegizko eskaintza dago. Kopuru hori kalkulatzeko bi neurketa mota erabili ditugu. Merkatuak gehiegizko etxebizitza kopuru hori bereganatzeko bi edo hiru urte beharko dira, baina prezioen doikuntza-mailak erabakiko du bereganatze hori azkarragoa edo motelagoa den.

Amaitzeko, sektorean 2020. urtera arte aurreikus daitekeen eskaria aztertzen du ikerlanak, zenbait hipotesi kontuan hartuta, hala nola biztanle kopuruaren eboluzioa, biztanleriaren egiturarena eta familia-buruen tasarena. Hala, egindako proiekzioen arabera, EAEko etxe kopuruak handitzen jarraituko du 2020ra arte, eta aurreikus daitekeen agertokian, urtean 7.400 bat etxe gehiago egongo dira. Hazkunde demografikoa handiagoa izanez gero, berriz, 8.100 etxe gehiago sortuko lirateke urtean, eta biztanle kopuruak behera egingo balu, urtean 3.800 gehiago izango lirateke.