Menu

Laboral  Kutxa  Prentsa  aretoa

Prentsa oharrak

COMPYTE SORTU DA, ENPRESEN LEHIAKORTASUNA NEURTZEKO TRESNA BERRIA

 

                  • COMPYTEren bidez, enpresa bakoitzak lehiakideen aldean duen lehiakortasuna azter dezake, eta lehiakortasun hori hobetzeko bideak zein diren jakin dezake.

 

                  • Enpresek oinarrizko 5 alderditan jasotzen dute kalifikazioa: berrikuntza, ekintzailetza, nazioartekotzea, pertsonen kudeaketa eta finantzaketa.

 

                  • Erantsitako datuekin, indarrak aprobetxatzeko edo arazo arruntak konpontzeko oso baliagarriak izango diren ondorio orokor batzuk aterako dira.

 

 

 

2016ko irailaren 21a.– Lehiakortasuna, arrakasta-kontua ez ezik, biziraupen-kontua ere bada. Enpresek ziztu bizian egokitu behar dute merkatuen errealitate berrietara, erregulazio-aldaketetara, teknologia berrietara, kontsumitzaileen ohitura berrietara eta abar. Testuinguru globalizatu eta aldakor honetan, erakundeek etengabe pentsatu behar dute nola hobetu, eta beti dago beste urrats bat egiteko beharra.

LABORAL Kutxak ibilbide luzea du egina bezero diren enpresei finantza-aholkularitza emateko lanetan. Enpresen errealitatea ongi ezagutzea eta Pyme2020 Lehiakortasunaren Behatokian enpresei buruz jasota dagoen informazioa edukitzea izan da COMPYTE tresna –enpresen aurrerapenerako tresna berria, alegia– garatzeko abiapuntua.

Enpresei lehiakorragoak izaten laguntzeko helburu garbiarekin sortu da COMPYTE. Mondragon Unibertsitatea – Mondragon Innovation & Knowledge-ren (MU-MIK) ekarpenarekin, enpresa bakoitzari zuzeneko lehiakideen aldean duen lehiakortasun maila neurtzea eta lehiakortasuna epe ertain eta luzera hobetzeko gako nagusiak ondorioztatzea ahalbidetuko dion tresna diseinatu du LABORAL Kutxak.

COMPYTE gaur, asteazkena, aurkeztu da LABORAL Kutxaren Bilboko egoitzan. LABORAL Kutxaren Enpresen Areako zuzendari Josu Arraizak Euskal Autonomia Erkidegoko eta Nafarroako enpresen lehiakortasun-ingurunea deskribatu du: “Adostasun handiz aipatzen da lehiakorrak garela, ekonomia dibertsifikatua dugula, industrian indar handia dugula eta azpiegitura egokiak eta ongi prestatutako pertsonak ditugula. Baina galdetu beharra dago norekin alderatuta, zer sektoretan eta noiz garen lehiakorrak”. Arraizak zalantzarik gabe adierazi du COMPYTEren ekarpena balio handikoa izango dela: “lehiakortasuna enpresaz enpresa neurtzeko eta lehiakiderik onenekin alderatzeko aukera emango duen tresna delako”.

Ondoren, MU-MIKeko zuzendari nagusi David Sánchez Pyme2020 Lehiakortasunaren Behatokiaz aritu da, eta adierazi du funtsezko kontraste-elementua dela COMPYTErentzat, eta oso garrantzitsua dela “euskal enpresen funtsezko lehiakortasun-faktoreak zein diren zehaztuko duen lehiakortasun-eraldaketarako eredu bat garatzea eta enpresa horiei beren egoera diagnostikatzea eta etorkizunean hobetzeko ekintzak identifikatzea ahalbidetuko dien tresna bat sortzea”.

Azkenik, LABORAL Kutxaren Enpresen Negozio Garapenaren Areako zuzendari Oscar Muguerzak tresnaren erabilera azaldu du, eta konparazio-azterketaren konplexutasun algoritmikoa eta emaitzen aurkezpenaren sinpletasuna azpimarratu ditu. Ondorio gisa, honako hau adierazi du: “COMPYTE autodiagnostikorako tresna bat da, eta galdutako tartea berreskuratzeko aukera ematen dio enpresa bakoitzari. Lehiakortasun-txosten ugari daude, baina ez dira enpresa bakoitzarentzat eta emaitzak lehiakideenekin alderatuta egiten”.

 

Lehiakortasun-ingurunea eta dimentsioa

Gure ingurunean, ETEak enpresa guztien % 99 dira, eta dimentsio handiagoko enpresa globalizatuekin ari dira lehian egunero. Horregatik, garrantzitsua da urrats bakoitza neurtzea eta norabide zuzenean aurrera egitea: ekipoak berritzea, berrikuntzak egitea, merkatu berriak bilatzea eta pertsonen garapena hobetzea. Tamaina garrantzitsua da, jakina, baina zaila da ziztu bizian haztea. Bada emaitza ona ematen duen irtenbide bat lehiakorra izatea da. Hortaz, ETEek lehiakorrak izaten jarraitu behar dute, eta, horretarako, oso garrantzitsua da haien eta besteen egoera ezagutzea. Diagnostiko ona izatea funtsezkoa da inbertsio-erabaki berriak hartzeko garaian.

 

COMPYTE, enpresen zerbitzurako berrikuntza

Pyme2020 Lehiakortasunaren Behatokiak gainerakoen gainetik nabarmentzen diren enpresa bikainen gakoak eskaintzen dituela kontuan hartuta, eraman al litezke arrakasta-eredu horiek gainerako ETEetara? Galdera sinple horri erantzuteko sortu da COMPYTE.

COMPYTE online tresna bat da, eta enpresa baten lehiakortasun maila zein den jakitea, lehiakideekin konparatzea eta galdutako tartea berreskuratzeko landu beharreko faktoreak zein diren jakitea ahalbidetzen du. Enpresaren erantzunen arabera egokitzen den test batean oinarrituta dago. Hainbat faktore hartzen dira kontuan: sektorea, tamaina, antzinatasuna, hazkunde-maila eta abar.