Menu

Laboral Kutxa Prentsa aretoa

Prentsa oharrak

Batzar Nagusia 2007 – Prentsaurrekoa

Euskadiko Kutxak aurreko urteetan finkatutako gorako ildoari eutsi dio 2007ko ekitaldian ere. Horri esker, oso hazkunde-maila positiboak lortu ditu atal guztietan. Urtearen bigarren erdialdean gorabehera ekonomikoak izan arren, ekitaldiaren bukaerako etekinak aurreko urtekoak baino % 18,7 handiagoak izan dira eta, guztira, 208,9 milioi eurora heldu dira. Ildo beretik, bezeroen baliabide bitartekotuak 13.467 milioi eurokoak izan dira, hau da, 2007an baino % 8,8 gehiago. Bezeroei emandako kredituen eboluzioak aparteko aipamena merezi du. Izan ere, bai enpresentzako kredituak bai hipotekakredituek % 16tik gorako hazkundeak izan dituzte, nahiz eta iazko ekitaldiaren bukaeran higiezinen sektorea nabarmen moteldu. Datu horiek, beraz, 2008ko ekitaldiari
baikortasunez begiratzeko aukera ematen digute.

Bezeroen baliabide bitartekotuei dagokienez, eta urtearen bilakaera kontuan izanik, aurreikuspenak bete ditugula esan genezake. Izan ere, 13.467 milioi eurotik gorako saldoa erdietsi dugu, aurreko ekitaldian baino 1.086 milioi euro gehiago. Nabaritu beharrekoak dira bezeroen eperako gordailuak, aurreko ekitaldian baino % 33 handiagoak izanik benetako protagonismoa lortu baitute.

Bestalde, bezeroei emandako kredituen datuak urtean zehar egindako ahaleginaren emaitza oparoa dira: enpresen negozioak % 16,9 egin du gora eta hipotekabermedun kredituek % 16,5. Datu horiek oso azpimarragarriak dira, kontuan hartzen badugu etxebizitzaren merkatuak ez duela 2007an bere unerik gozoena izan. Izan ere, diru-eskuragarritasuna galdu eta inbertsioaren hazkundea apaldu egin da urtearen bigarren erdialdetik aurrera.

Efizientziaren aldetik, finantza-sektoreko puntako entitateen artean gaude, % 38,14ko indizea baitugu. Datu ona da eta prozesuen hobekuntzari, teknologia berrien aprobetxamenduari eta berrikuntzari zor zaie.

Azpimarratu beharreko beste datu bat gure sare komertzialaren hedapenari dagokiona da, horretan ere urrats sendoak ematen jarraitzen baitugu. Hala, iazko ekitaldian 17 sukurtsal ireki genituen eta, horrenbestez, 389 sukurtsal ditugu, haietatik % 34 hedapensarean. Kutxazain automatikoak, berriz, 561 dira guztira.

Hala ere, datu horiek guztiek, positiboak izan arren, gizartearentzat onuragarriak diren heinean soilik izango dute zentzua.

Ildo horretan, gure ingurunearen garapenarekin hartutako konpromisoari eutsi egin genion 2007an. Horretarako, 12,5 milioi euro baino gehiago zuzendu genituen Hezkuntza eta Ondare Fondora. Horren bidez, ikerkuntza, enpleguaren sorrera eta ekintzaileen ekimenak bultzatu genituen, baita elkartasun-ekintzak eta kultura eta euskara sustatzeko ekimenak ere. Bestalde, Kooperatiba arteko Fondo Sozialak gure mozkinen % 15 bereganatu ditu aurten, 18,8 milioi euro guztira, enplegu kooperatiboa sustatzeko balio izango dutenak.

Ingurumenaren arloan, berriz, sektoreko entitateen artean aitzindariak garela esan dezakegu. Hala, ISO 14001 egiaztagiria berritu dugu datozen urteetarako, eta energiaren kontsumoan eta hondakinen sorreran jaitsiera esanguratsuak lortu ditugu, ingurumen-politikaren aplikazioan hobekuntza
nabarmenak ezarriz.

Ez genuke amaitu nahi gure aktiborik onena aipatu gabe: pertsonak eta haien hobetzeko gogoa. Alde horretatik, entitateko lantaldearen %90ek prestakuntza-ekintzaren batean parte hartu zuela nabarmendu nahi dugu. Datu horrek baiesten du entitatearen garapenak lotura estua duela bere giza taldearen prestakuntzarekin eta eboluzioarekin.

Laburtuz, esan dezakegu iazko ekitaldia, gorabeherak gorabehera, positiboa izan dela. Hazkunde orokorreko datuek zalantzarik gabe adierazten digute bezeroarentzako kalitatearen, talde-lanaren eta
berrikuntzaren alde egin dugun apustua egokia izan dela.

Bezeroaren Gogobetetasun Indizea 10etik 8,1 puntukoa da.